Paul Lapeirak bigarren etapa eraman du esprintean Kanboko helmugan  

  • Paul Lapeirak bigarren etapa irabazi du esprint estu-estuaren ostean 
  • Primoz Roglicek gaurkoan ere eutsi dio maillot horiari  
  • Sailkapen orokorrean, bere horretan diraute faboritoen arteko aldeek 

Zenbait urteren ondoren, Itzulia Iparraldera bueltatu da Irun eta Kanbo arteko bigarren etapan. Etapan bertan mendate bakarra egon arren, txirrindulariek etengabeko igoera-jaitsierak eduki dituzte zain 160 kilometroko ibilbidean. Egunaren hasieran, eguzkia zen nagusi Irungo irteeran, eta oraindik lasterketan jarraitzen duten txirrindulari guztiak bertatik irten dira. 

Etapa hasi bezain laster, 7. kilometroan, eguneko ihesaldia sendotu da, honako txirrindulari hauen eskutik: Alexis Vuillermoz (147, TEN), Enekoitz Azparren (177, EUS), Ivan Cobo (193, EKP), Jetse Bol (227, BBH) eta Xabier Azparren (231, Q36). 5 txirrindulariok erritmo onean abiatu dira Kanboko helmugarantz, eta 3’40’’-ko gehieneko marjina izan dute tropelaren aldean.  

Etapako 70. kilometroan, Ivan Cobo (193, EKP) atzean gelditu da lasterketa-buruari dagokionez. Atzetik zetorren tropeleko liderra Bora-Hansgrohe taldea izan da, eta beti-beti lan egin du bere liderra ondo eramateko. Azparren anaiek, Bolek eta Vuillermozek 3 minutu inguruko aldeari eutsi diote. 60 kilometro falta zirenean, Ineos Grenadiers taldeak bere gizonak jarri ditu lanean, iheslariekin zegoen aldea murrizteko asmoz. Lasterketa gogortu egin da, eta igoera-jaitsierek bere horretan zirauten. Leku batzuetan, errepideak oso estuak zirenez, guzti-guztiek aurrean joan nahi izan dute.  

Kilometroak igaro ahala, argi eta garbi zegoen tropelak esprintean iritsi nahi zuela. 25 kilometro falta zirenean, iheslarien aldea 45”-koa izan da oraindik. Helmugarako 13 kilometro falta zirenean, tropelak ihesaldiko 4 txirrindulariak neutralizatu ditu. Azken kilometroak azkar baino azkarragoak izan dira bitarteko esprinteko hobariak lortu nahian. Horrez gain, oso garrantzitsua ere bazen etapako azken 3 kilometroei begira lasterketan bertan ondo lekuratuta egotea. 

Lehia handiko esprintaren ondoren, Paul Lapeira (186, DAT) izan da garailea.  

2. etaparen osteko sailkapenak 

Etapako irabazlea: Paul Lapeira (186, DAT) 

Banakako sailkapen orokorra: Primoz Roglic (31, BOH) 

Mendiko sailkapena: Primoz Roglic (31, BOH) 

Puntukako sailkapen orokorra: Primoz Roglic (31, BOH) 

Gazte onenaren sailkapen orokorra: Juan Ayuso (101, UAD) 

Taldekako sailkapen orokorra: Bora-Hansgrohe 

Euskaldun onenaren sailkapen orokorra: Pello Bilbao (111, TBV) 

Borrokalariena: Alexis Vuillermoz (147, TEN) 

Julian Erasok OCETAko presidentetza utzi duen arren, txirrindularitzarekin lotuta jarraituko du
OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia