2024-04-01/06

Primoz Roglicek erlojupekoa irabazi du, eta 2024ko Itzuliko lehenengo liderra da  

  • Primoz Roglicek Irungo erlojupekoa irabazi du 
  • Sailkapen orokorreko faboritoen arteko aldea 15 segundo ingurukoa izan da 

Urtebete zain egon ondoren, azkenean, Itzulia abian dago berriro. Mendeurreneko edizio honetan, irteera eta helmuga Irunen izan dituen 10 kilometroko banakako erlojupekoak lasterketari eman dio hasiera. 

Egunaren hasieran, eguzkia zein hodeiak izan dira nagusi, baina arratsalderako euria egon da iragarrita. Sailkapen orokorreko faboritoek goiz irtetea erabaki dute, ustezko euria ekiditeko asmoz. Hasi baino lehen, Thomas Pidcock (166, IGD) ibilbidea ezagutzeko biran erori denez, ezin izan da irteeran egon.   

Txirrindulariak Irungo kaleetatik hasi dira lasterkan, eta faboritoek berehala hautsi dituzte denborak. Pello Bilbaok (111, TBV) denbora onena lortu du, baina oste-ostean Juan Ayusok (101, UAD) lehenengo postua kendu dio 9 segundogatik. Atzetik, Primoz Roglicek (31, BOH) eta Jonas Vingegaardek (1, TVL) ekin diote ibilbideari. Itzuliko txapeldun bikoitza hegan etorri da, eta, helmugan sartzean akatsa egon bada ere, espainiarra baino 19 segundo lehenago iritsi da. Esloveniarraren denbora sekulakoa izan da, beraz. Indarreko txapelduna, Vingegaard, ordea, 18 segundora geratu da. Etaparako faboritoen artean, Mattias Skjelmose (71, LDT) eta Remco Evenepoel (21, SOQ) egon dira. Erlojupeko munduko gaur egungo txapeldunak, hain zuzen ere, ostadar maillota soinean duela eman dio hasiera itzuliari. Bigarren bihurgunean, gurpila galdu duenez, erori egin da, eta denbora galdu du, baina jarraitu egin ahal izan du. Azkenean, 11 segundo galdu ditu lider birtualaren aldean. Lidl-Trek taldeko txirrindulariak behin-behineko bigarren denbora onena lortu du helmugan Evenepoelen aurretik. 

Txirrindulariak bata bestearen atzetik iritsi dira helmugara, baina bakar batek ere ez du denbora onena gainditu. Helmugan nahaste handia sortu bada ere, Roglic izan da behin-behineko denbora onena lortu duena.  

Jay Vine bigarrena izan da helmugan, eta Roglic baino 7 segundo geroago iritsi da, besterik ez.  

Lehenengo etaparen ostean, Primoz Roglic sailkapen orokorreko liderra da, baina bere lehiakide nagusienak ditu hurbil-hurbil. Bihar, lineako lehenengo etapa izango da. Irteera Irunen egongo da; eta helmuga, Kanbon.  

1. etaparen osteko sailkapenak 

Etapako irabazlea: Primoz Roglic (31, BOH) 

Banakako sailkapen orokorra: Primoz Roglic (31, BOH) 

Mendiko sailkapena: Primoz Roglic (31, BOH) 

Puntukako sailkapen orokorra: Primoz Roglic (31, BOH) 

Gazte onenaren sailkapen orokorra: Juan Ayuso (UAD, 101) 

Taldekako sailkapen orokorra: UAE TEAM EMIRATES 

Euskaldun onenaren sailkapen orokorra: Ion Izagirre (COF, 91) 

Borrokalariena: Primoz Roglic (31, BOH) 

Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia
Romain Gregoirek esprintean irabazi du Itzuliko bosgarren etapa Amorebieta-Etxanon 
Louis Meintjesek Itzuliko laugarren etapa irabazi du Legution