2024-04-01/06

Quinten Hermans nagusi izan da Altsasuko esprintean, eta 2024ko Itzuliko hirugarren etapa eraman du  

  • Quinten Hermansek hirugarren etapa irabazi du oso esprint estuan 
  • Primoz Roglic sailkapen orokorreko liderra da oraindik 
  • Sailkapen orokorrean, bere horretan diraute faboritoen arteko aldeek 

Eguna Ezpeletan argitu duenean, eguzki distiratsua zen nagusi, eta munduko txirrindulari onenak zebiltzan bertako kaleetatik. Hirugarren etapako irteera Iparraldeko udalerri txiki horretan egon da kokatuta; eta helmuga, Altsasun. Gaurko etapak 190 kilometro izan dituenez, edizio honetako luzeena izan da. Txirrindulariek distantzia hori egin eta jardunaldiko 6 mendate puntuagarriak igo behar izan dituzte.  

Irten ondoren, ihes-saialdi ugari egon dira, oso etapa interesgarria zelako mendiko maillotagatik borrokatzeko. Otxondora igo ostean, 3 txirrindulari hauen ihesaldia sortu da: Louis Meintjes (121, IWA), Quinten Hermans (202, ADC) eta Filippo Conca (233, Q36). Euskaltel-Euskadi ez zegoen pozik ihesaldi horrengatik, eta bere taldea jarri du lanean, iheslariak harrapatzeko asmoz. Azkenean, talde laranjak lasterketa-buruko hirugarrena harrapatu du. Lasterketako lehenengo ordubetean, batez besteko abiadura orduko 45,2 km-koa izan denez, oso-oso azkarra izan da. Azkenean, honako txirrindulari hauek osatu dute eguneko ihesaldia: Tom Paquot (124, IWA), Alan Jousseaume (145, TEN), Eric Fagundez (226, BBH) eta James Fouche (176, EUS).  

Bora-Hansgrohe taldeak distantzia kontrolatu duenez, gehieneko marjina 3’30’’-koa izan da. Altsasutik lehen aldiz igarotzean, bitarteko esprinta egon da, eta iheslariak ahalkez lehiatu dira bertan. Tropela handik igaro denean, helmugarako 59 kilometro falta zirenean, erritmoa areagotu da UAE Team Emirates, Ineos Grenadiers eta Bora-Hansgrohe taldeen eskutik. Hiru talde horiek ihesaldia neutralizatzea izan dute helburu. Kilometro gutxitan, 45’’-ra jaitsi dute aldea.  

Une horretan, etapako kilometro latzenak zeuzkaten zain, hau da, errepide estuak, igoera-jaitsierak eta eguneko azken bi igoerak. Ineos Grenadiers ziztu bizian joan da maldan behera, tropela behartzeko eta bere txirrindulariak aurreko aldean jartzeko. Iheslariekin zegoen aldea 15”-ra jaitsi da. Helmugarako 42 kilometro falta zirenean, iheslariak harrapatu dituzte, baina lasterketaren erritmoa ez da jaitsi, ordea. Liderren talde guztiak behin eta berriro ahalegindu dira tropeleko liderrak izaten, bazekitelako etaparen amaiera zail samarra izango zela. Estresa nagusi izan da taldean. Izan ere, Olaberriarako sarreran, zenbait txirrindulari erori dira bihurguneetako batean, eta lasterketako liderra, Primoz Roglic (31, BOH), tartean egon da. Azkenean, abian jarri ahal izan da berriro, baina 2 minutu baino gehiago galdu ditu tropelari dagokionez. Bora-Hansgrohe taldea berehala antolatu da, Roglici aurrera egiten laguntzeko. Tropelak helmugarantz jarraitu du.  

Ez Bora-Hansgrohek ez Roglicek ez dute inondik inora amore eman, eta 55’’-ra jaitsi dute abantaila, helmugarako 28 kilometro falta zirenean. Taldearen lan bikaina. 25 kilometro falta zirenean, lasterketako liderra tropelera itzuli da. Lizarrustiko mendateak eta Ineos Grenadiers taldearen erritmo biziak txirrindularien talde nagusia murriztu du. Mendiko maillota jokoan zegoenez, Louis Meintjesek erritmoa biziagotu du, bakar-bakarrik iritsi da gora eta puntu gehiago lortu ditu mendiko sailkapenerako.  

Azken kilometroak bihotzekoa emateko modukoak izan dira, zenbait txirrindulari jausi dira-eta, Juan Ayuso bera barne. Azkenean, Alpecin-Deceuninck taldeko Quinten Hermans izan da garailea esprint estu-estuan.  

3. etaparen osteko sailkapenak 

Etapako irabazlea: Quinten Hermans (202, ADC) 

Banakako sailkapen orokorra: Primoz Roglic (31, BOH) 

Mendiko sailkapena: Primoz Roglic (31, BOH) 

Puntukako sailkapen orokorra: Quinten Hermans (202, ADC) 

Gazte onenaren sailkapen orokorra: Juan Ayuso (101, UAD) 

Taldekako sailkapen orokorra: Bora-Hansgrohe 

Euskaldun onenaren sailkapen orokorra: Pello Bilbao (111, TBV) 

Borrokalariena: Primoz Roglic (31, BOH) 

Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia
Romain Gregoirek esprintean irabazi du Itzuliko bosgarren etapa Amorebieta-Etxanon 
Louis Meintjesek Itzuliko laugarren etapa irabazi du Legution