2024-04-01/06

Louis Meintjesek Itzuliko laugarren etapa irabazi du Legution  

  • Louis Meintjesek Itzuliko laugarren etapa eraman du 
  • Eroriko gogorraren ostean, hainbat txirrindularik lasterketa utzi dute, besteak beste, Jonas Vingegaardek, Remco Evenepoelek eta Primoz Roglicek. 
  • Mattias Skjelmose da lasterketako lider berria 

2024ko Itzuliko laugarren etapa iritsi da. Irteera Etxarri Aranatzen egon da; eta helmuga, Legution. Lasterketa Araban sartu da, beraz. Etapak 159 kilometro eta 4 mendate puntuagarri izan ditu. Atzoko etapako eroriko latzen ostean, sailkapen orokorrerako faborito nagusiak irteeran egon dira. Albiste ona benetan.  

Eguna azkar-azkar hasi da, haizetsu samar, eta ihesaldia lasterketako 12. kilometroan sortu da 6 txirrindulari hauen eskutik: Reuben Thompson (87, GFC), Louis Meintjes (121, IWA), Mathieu Burgaudeau (141, TEN), Mikel Retegi (195, EKP), Joseba Lopez (213, CJR) eta Karel Vacek (223, BBH). Enekoitz Azparren (177, EUS) iheslariak harrapatzen saiatu da, baina, azkenean, tropelak xurgatu du.  

Tropelak iheslariei utzi die lan egiten, harik eta aldea 6 minututik gorakoa izan den arte. Haizea helmugatik 60 kilometrora agertu da, eta tropelak bere erritmoa biziagotu du faboritoetakoren bat ezustean harrapatzeko asmoz. Taldea hautsi egin da, baina lider guztiak tropelaren aurreko aldean zihoazen. Talde nagusiak erritmoa jaitsi du, eta, berriro ere, ihesaldirako aldea (3’50’’) kontrolatzen hasi da.  

Eguneko azken 3 mendate laburretatik hurbil zeuden, baina maldak gogorrak izan dira oso. Berriro ere, erritmoa areagotu dute, iheslariak harrapatzeko asmoz. Apurka-apurka, ihesaldiak txirrindulariak galdu ditu mendiko puntuak lortzeko borrokaren ondorioz. Olaetara igo ondoren, helmugatik 32 kilometrora, jaisten hasi dira, eta eroriko ezin latzagoa gertatu da. Besteak beste, honako txirrindulari hauek egon dira tartean: Primoz Roglic, Remco Evenepoel eta Jonas Vingegaard. Bihurgune batean erori dira abiadura handian, eta bertan inplikatutakoak bihurgunearen kanpoko alderantz irten dira hegan. Hori dela eta, lurreratzean, zenbait harriren eta beste elementu batzuen kontra hartu dute kolpea. Lasterketa gelditu egin behar izan da, talde medikoa eta anbulantziak zauritu ugariei arreta ematen ari zirelako. Segurtasunagatik, Untzillako mendatea ezeztatzeko erabakia hartu da, eta txirrindulariak modu neutralizatuan joan dira Aretxabaletako udalerriraino. Antolatzaileak medikuak lasterketara noiz itzuliko zain egon dira. Estres eta kezka handi-handiko uneak bizi izan dira txirrindularien egoeragatik.  

Azkenean, UCIko komisarioek, txirrindulariek eta antolatzaileek etapa helmugaraino neutralizatzea erabaki dute. Lasterketa-buruko 6 txirrindulariak, ordea, lehiatu egin dira, baina etapako denborak ez dira sailkapen orokorrean kontuan hartu. Tropela modu neutralizatuan joan da helmugaraino.  

Etapako azken kilometroak oso-oso bitxiak izan dira, tropela neutralizatuta joan delako eta iheslariak oso etapa latza irabazteko borrokatu direlako. Ihesaldiko indartsuena Louis Meintjes (121, IWT) izan denez, etapa eraman du. Primoz Roglicek lasterketa bertan behera utzi behar izan duenez, orain Mattias Skjelmose da lasterketako lider berria.  

4. etaparen osteko sailkapenak 

Etapako irabazlea: Louis Meintjes (121, IWT) 

Banakako sailkapen orokorra: Mattias Skjelmose (71, LDT) 

Mendiko sailkapena: Louis Meintjes (121, IWT) 

Puntukako sailkapen orokorra: Quinten Hermans (202, APC) 

Gazte onenaren sailkapen orokorra: Juan Ayuso (101, UAD) 

Taldekako sailkapen orokorra: Bora-Hansgrohe 

Euskaldun onenaren sailkapen orokorra: Pello Bilbao (111, TBV) 

Borrokalariena: Louis Meintjes (121, IWT) 

Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia
Romain Gregoirek esprintean irabazi du Itzuliko bosgarren etapa Amorebieta-Etxanon 
Quinten Hermans nagusi izan da Altsasuko esprintean, eta 2024ko Itzuliko hirugarren etapa eraman du