Daniel Felipe Martínezek eskuratu du Itzulia 2022ko txapela eta Ion Izagirrek irabazi du etapa nagusia   

Daniel Felipe Martínezek etapa zirraragarri eta ikusgarri batean irabazi du bere lehen txapela. Etapa garaipena Ion Izagirrek bereganatu du, lan bikaina egin eta gero.     

©Charly Lopez

Iritsi da Itzuliko etapa nagusia, txapela lortzeko borrokan dena zabal-zabalik zela. Remco Evenepoelek soilik bi segundoko abantaila zeukan Daniel Felipe Martinezekiko. Eguna bi multzotan banatutako 12 lasterkarik abiatutako ihes saiakera batekin hasi da, baina etaparen zati handiena Davide Formolo (24, UAD), Nelson Oliveira (54, MOV), Cristian Rodriguez (106,TEN) eta Tony Gallopin (181, TFS) lehiakideek menderatu dute.

Eguneko lehen mendateen ostean Krabelin iritsi da; arrapala gogorrak katramilatu egin zaizkie Davide Formolo handiari izan ezik, lasterketa buruari eutsi baitio faboritoen taldearekiko denbora galdu duen arren. Pelotoia mendatera gerturatzea Ineos-Grenadiers taldeak gidatu du. Arrapala gogorrak heldu bezain pronto Roglicek erasora jo du, eta faboritoetako batzuek jarraitu egin diote, baina ez lasterketako liderrak. Zenbait saiakeren ondoren, azkenean igoeran alde nabarmena sortu da eta Vingegaardek, Vlasovek, Masek eta Daniel Felipe Martinezek ihes egin dute.

Izuako jaitsieran, Daniel Felipe atzean geratu da; Ion Izagirrek eta Pello Bilbaok, ingurua ezagutzen dutenez, lasterketa buruarekin lotu dira. Hortik aurrera kolaboratu egin dute, eta Formolo harrapatu dute, taldearen gurpilera lotu dena. Ondoren, Evenepoelek taldetik tiratu du, txandaka Daniel Felipe Martínezekin. Itzuliak eskuetatik ihes egingo ziela ikusi dute biek. Galdutako 30 segundoetatik 19 segundora arte murriztu dute. Une horretan, Evenepoelek eta Pello Bilbaok denbora berdindu dute lasterketako sailkapen birtualean. Elgoibarrera jaitsi ondoren, Remcok taldearekin elkartzea lortu du. Liderraren nahaste bat aprobetxatuz, Ion Izagirrek, Daniel Felipe Martinezekin eta Davide Formolorekin batera, ihes egin du eta 10 segundo inguruko distantzia lortu du. Liderrak berriz ere taldea itxi du.

Sailkapen orokorraren aldeko borroka tarteko esprintetan ere jokatu da, denbora sariak lortzeko lehian. Evenepoelek hiru segundo lortu ditu, Daniel Felipek bi eta Pello Bilbaok bat. Itzulia 2022ko azken mendatea iritsi da, Usartza. Dena erabakitzeke. Formolok aurrera egin du, 50 segundoko aldea irekiz. Faboritoen taldea zaintza lanetan ibili da Ion Izagirreren erritmo aldaketara arte, horren ondorioz liderrak ezin izan dio taldeari jarraitu. Liderraren ahultasuna ikusita, gainerako faboritoek abiadura bizkortu eta erasora jo dute. Daniel Felipe Martínezek gertu zeukan sailkapen orokorreko garaipena lortzeko. Vlasov erritmoa markatzen hasi da, eta Daniel Felipek eta Ion Izagirrek baino ezin izan diote jarraitu. Berriz ere elkartu dira. Helmugara iristeko 3,5 kilometro falta zirenean, Vingegaard eta Ion Izagirre artean katigatu egin dira eta Izagirre lurrera erori da. Jaiki egin da, aurrera jarraitu du eta talde buruarekin elkartzea lortu du.

Vlasovek aurrera jarraitu du Daniel Felipe Martínezekin, eta azken horrek bere burua irabazletzat ikusten zuen. Etapa esprintean jokatu da; Ion Izagirre handiak garaipena lortu du eta Daniel Felipe Martínezek lortu du Itzuliaren 61. edizioa irabaztea.

Itzulia 2022ko edizioaren txapelak badu jabea dagoeneko: Daniel Felipe Martínez. Ion Izagirre liderrarengatik 11 segundora geratu da eta bigarrena izan da. Hirugarrena Vlasov izan da. Remco Evenepoel, azkenean, sailkapen orokorreko laugarrena izan da. Sailkapenetako liderrak honako hauek dira:

  • Banakakoa:
    • 1.: Daniel Felipe Martínez (63, IGD)
    • 2.: Ion Izagirre (71, COF)
    • 3.: Alexandr Vlasov (86, BOH)
  • Mendia: Cristian Rodríguez (106, TEN)
  • Puntuak: Daniel Felipe Martínez (63, IGD)
  • Gaztea: Remco Evenepoel (44, QST)
  • Taldekakoa: Ineos-Grenadiers
  • Euskaldunik onena: Ion Izagirre (71, COF)
  • Saiatuaren saria (seigarren etapa): Ion Izagirre (71, COF)
  • Ihesaldi luzeenaren saria: Ibon Ruiz (206, EKP)
Itzulia Basque Countryk, Itzulia Womenek eta Donostiako Klasikoak badituzte 2023rako data ofizialak
2022ko edizioaren zenbakiak
Carlos Rodríguez nagusitu da Mallabian eta Remco Evenepoel da lasterketako lider berria