Bere 60. urteurrena ospatzeko, EKIN enpresak Itzulia 2023ko 5. etaparen hasiera hartuko du. Etapa Amorebieta-Etxanon bukatuko da. Gaur, Amorebieta-Etxanon etapa aurkeztu dute Amorebieta Txirrindulari Elkarteko presidente Ruben Manzanedok, Amorebieta-Etxanoko alkate Andoni Agirrebeitiak, Ekin S Cooperativa enpresako presidente Goretti Fríasek, Recymet Systems enpresako Aitor Sillonizek eta OCETAko presidente Julian Erasok.
Gaur, Amorebieta-Etxanon Itzulia 2023ko bosgarren etaparen xehetasunak aurkeztu dira. Ekitaldia Amorebieta-Etxanoko udaletxean izan da. Bertan, Amorebieta Txirrindulari Elkarteko presidente Ruben Manzanedo, Amorebieta-Etxanoko alkate Andoni Agirrebeitia, Ekin S Cooperativa enpresako presidente Goretti Frías, Recymet Systems enpresako Aitor Silloniz eta OCETAko presidente Julian Eraso egon dira. Guztiek baloratu dute helmuga horrek Bizkaiko herri horrentzat eta Itzuliarentzat duen garrantzia.
Amorebieta Txirrindulari Elkartetik ITZULIAren bitartez munduko txirrindulari onenak herrian egoteak duen garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, horrek gazteen belaunaldi berriak kirol zoragarri horren alde egitera eramango ditu, eta, ondorioz, Amorebieta Txirrindulari Elkartean izena ematera, gazte berri horien prestakuntza elkartearen lehentasuna baita.
Aurkezpenean, herri bizkaitar horretako alkate Andoni Agirrebeitiak adierazi du 2023 urte historikoa izango dela Amorebieta-Etxanorentzat, txirrindularitzari dagokionez: «Apirilaren 7an, gure Itzuliaren irteera eta helmuga hartuko ditugu, eta zornotzarrentzat harro egoteko moduko zerbait da. 165,9 kilometroko etapa horretan, munduko txirrindulari onenak gure kaleetatik ibiliko dira, eta, horien ondoan, dena posible egiten duen karabana».
Agirrebeitiak azpimarratu du Amorebieta-Etxanon txirrindularitza oso errotuta dagoela: «Gaur, mahaia partekatzen dut gure udalerrian 1946tik jokatzen den Udaberriko Klasikoaren antolatzailea den Amorebieta Txirrindulari Elkarteko ordezkari nagusiarekin. Gogoratu nahi dut, lasterketa horri esker zornotzarrok txirrindulari bikainak besoak altxatzen ikusi ditugula, besteak beste, Txomin Perurena, Fede Etxabe, Julián Gorospe, Marino Lejarreta, Laurent Jalabert, Roberto Heras, Alejandro Valverde, David Etxebarria Carlos Sastre, Purito Rodríguez eta Samuel Sánchez. Aukera hau aprobetxatu nahi dut, Amorebieta Txirrindulari Elkarteak gure txirrindularitzaren harrobia sustatzeko egiten duen lan nekaezina goraipatzeko».
Bukatzeko, alkate zornotzarrak herritarrak animatu ditu apirilaren 7an txirrindularitzaren festa handiaz disfrutatzera.
Gaur, EKIN S. Cooperativa enpresako presidenteak prentsaurrekoan aipatu du Itzulia 2023ko parte izatea eta, enpresaren 60. urteurrena ospatzeko, Amorebieta-Etxano zeharkatzen duen etapari izena ematea ohore handia dela: «Kooperatiba hau osatzen dugunontzat eta, beraz, gizarte-izaerako askotariko ekimenetan parte hartuz, hala nola Amorebieta Txirrindulari Elkarteari lagunduz, ingurunearekiko konpromisoa eta garapena sustatzeko gizarte-balioak partekatzen ditugunontzat, oso garrantzitsua da Itzuliarekin batera lan egitea. Ekinen badakigu inguruko erakundeekin lankidetzan aritzea funtsezkoa dela horien garapena sustatzeko, eta aurten Itzulian izango dugun parte-hartzeak amaiera bikaina emango dio euskal kirolaren eta txirrindularitzaren aldeko lankidetza horri».
Recymet Systems enpresatik, Aitor Sillonizek (txirrindulari profesional ohia eta Amorebieta Txirrindulari Elkarteko txirrindulari ohia) nabarmendu du, kirolari dagokionaz gain, beti egongo dela eskertuta Amorebieta Txirrindulari Elkartean jasotako diziplina eta balioengatik. Hark gaineratu du Amorebieta Txirrindulari Elkartearekin zorretan egongo dela beti, bai eta irabazi-asmorik gabe herriaren eta kirolaren alde lanean ezagutu dituen eta gaur egun ere ezagutzen dituen pertsonekin
Sinaduraren ostean, Julian Erasok honako hau adierazi du: «Oso pozik gaude, Amorebieta-Etxanok Itzuliaren parte izan nahi duelako. Herri hori txirrindularitzari lotuta egon da Amorebietako klasikoarekin. Gainera, Itzuliaren parte izateaz gain, Frantziako Tourreko irteeretako bat hartuko du».
Lasterketako zuzendari tekniko Roberto Laisekak dioen moduan, etapa zail honetan, zuzendariek peoiak mugitzeko aukera izango dute. Paresira arte mendate garrantzitsurik egongo ez bada ere, ibilbidea egokia izango da amaierara begira estrategiak probatzeko. Azken kilometroetan, zirkuitu batean sartuko dira, non aurrean egotea oso garrantzitsua izango baita, sailkapen nagusiari begira aukerak mantentzeko.