Amorebieta-Etxanora iritsiko den 5. etapa aurkeztu da

  • Bigarren urtez jarraian, Amorebieta-Etxano Itzulian egongo da 

Gaur, Amorebieta-Etxanon, 2024ko Itzuliko bosgarren etaparen xehetasunak aurkeztu dira. Ekitaldia Amorebieta-Etxanoko udaletxean egin da, eta Ainhoa Salterain, Amorebieta-Etxanoko alkatea, eta Julian Eraso, OCETAko presidentea, egon dira. Helmuga honek Bizkaiko udalerriarentzat eta Itzuliarentzat edukiko duen esanahiari buruz zer uste duten partekatu dute bertan.  

Aurkezpenean bertan, Ainhoa Salterainek, Bizkaiko udalerriko alkateak, adierazi duenez, harro egoteko modukoa da aurten berriro ere Amorebieta-Etxano gure Itzuliko etapa batean egotea: “apirilaren 5ean, Itzuliko bosgarren etapako anfitrioia izatea txirrindularitzarekin dugun konpromisoaren erakusgarri da, gure herrian sustraitutako zaletasuna da-eta. Etapa honetan, txirrindulariek 175,9 kilometro egingo dituzte Gasteiztik Amorebieta-Etxanoraino, eta aukera paregabea izango dugu munduko txirrindularitzako elitea eta ikuskizun hau egia bihurtzen duen karabana hurbiletik ikusteko eta gozatzeko. Hori guztiori dela eta, herritarrei eskatu nahi diet lasterketaren egunean kale eta errepide zornotzarretara irteteko eta, horrela, ikuskizun handi hau suspertzeko. Zain izango gaituzue! Amaitu baino lehen, Itzuliko antolatzaileei eman nahi dizkiet eskerrak haien konpromisoagatik eta lanagatik, aurten ere Amorebieta-Etxano Itzuliaren mapan egon dadin”. 

Sinatu ostean Julián Erasok azaldu duenez, “oso pozik gaude, aurten ere Amorebieta-Etxano Itzulian egongo delako. Udalerri honek lotura historiko handia dauka txirrindularitzarekin Amorebietako Klasikoaren eskutik, eta, berriro ere, Itzulian egongo da, erakusleihoa izateko eta txirrindularitzaren inguruan duen zaletasuna partekatzeko”. 

Lasterketa apirilaren 5ean iritsiko da Amorebietara. Aurreikuspenen arabera, etaparen hasiera jardunaldiko une “lasai” bakarra izango da, harik eta Amorebietatik egingo diren 4 iragaitzetako lehenengoraino jaitsi arte. Hortik aurrera, lasterketa lehen mailako Urkiolara igoko da, eta zirkuituan sartuko da. Bertan, hain zuzen ere, bi aldiz igoko da Muniketara, baita puntuagarria ez den beste malda batera. Bi aldiz igaroko da kontrahelmugatik; eta, beste bi aldiz, Amorebietatik, harik eta helmugara iritsi arte. 

Trafiko-etenaldiak 

Apirilaren 5ean, 2024ko Itzuliko V. etapa egingo dela eta, Amorebieta-Etxanoko Udalak trafikoa antolatzeko hartu dituen neurrien berri eman du. Horren arabera, debekatuta egongo da Nafarroa kalean aparkatzea (San Juaneko biribilgunetik Nafarroa aparkalekuraino, aparkalekuan bertan ere bai), baita Bizkargi, Belatxikieta, Jauregibarria eta Azoka kaleetan ere. Debeku hori apirilaren 4ko 16:00etatik apirilaren 5eko 19:00etara arte egongo da indarrean. Horrez gain, debekatuta egongo da kale horietan guztietan aparkatzea apirilaren 16:30etik 18:30era arte. Udalak barkamena eskatu du neurri horien ondorioz sortu daitezkeen eragozpenengatik, eta aldez aurretik eman nahi ditu eskerrak herritarren ulerkuntzagatik eta laguntzagatik, kirol-ekitaldi hau behar bezala garatu dadin. 

Julian Erasok OCETAko presidentetza utzi duen arren, txirrindularitzarekin lotuta jarraituko du
OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia