Romain Gregoirek esprintean irabazi du Itzuliko bosgarren etapa Amorebieta-Etxanon 

  • Romain Gregoire Itzuliko bosgarren etapako garailea izan da 
  • Mikel Landak bertan behera utzi behar izan du lasterketa erori ondoren 
  • Mattias Skjelmose lasterketako liderra da oraindik 

Atzoko etapan gertatutakoaren ostean, lasterketa Gasteizko irteerara heldu da Amorebieta-Etxanorainoko 175,9 kilometroei aurre egiteko asmoz. Sailkapen orokorreko faborito nagusiak lasterketatik kanpo geratu direnez, lasterketako egoera berria izan da gainerako txirrindularientzat.  

Etaparen hasieran, taldea batera joan da, tropelak ez zuelako nahi inolako ihesaldirik sortzea. Lasterketako lehenengo ordubeteko batez besteko abiadura orduko 53 km-koa izan da. Arabako lurraldetik irten ondoren, erorikoa gertatu da, eta, besteak beste, honako txirrindulari hauek bertan behera utzi behar izan dute lasterketa: Mikel Landa eta Pelayo Sánchez. Berriro ere, erorikoak agertu dira Itzulian.  

Urkiolarako igoeran, eguneko igoera latzenean, Sepp Kussek (3, TVL) eta Isaac Del Torok (104, UAD) erritmoa biziagotu dute, eta tropeletik aldendu dira. Gehienez ere, minutu bateko abantaila lortu dute, baina, ibilbide laura iritsi ondoren, helmugarako 60 kilometro falta zirenean, erritmoa moteltzea erabaki dute. Tropeleko burua, Lidl-Trek.  

Berriro ere, talde guztia batera, harik eta, Amorebieta-Etxanotik bigarren aldiz igaro baino lehen, helmugarako 56 kilometro falta zirenean, ihesaldi jendetsua gertatu den arte. Honako 9 txirrindulari hauek zeuden bertan: Johannes Staune-Mittet (5, TVL), Mauro Schmid (67, JAY), Harrison Wood (97, COF), Mathieu Burgaudeau (141, TEN), Martijn Tusveld (156, DFP), Enekoitz Azparren (177, EUS), Ivan Cobo (193, EKP), Jimmy Janssens (203, ADC) eta Jose Manuel Diaz (221, BBH). 

Berriro ere, tropelak etapa bere kontrolpean eduki nahi zuenez, erritmo bizi-bizian eta erasoen bidez, iheslariak harrapatu ditu. Marc Soler (106, UAD) eta Santi Buitrago (113, TBV) saiatu egin dira. Bahrain-Victorious taldeko txirrindulariak ihesaldian geratu den azken txirrindulariarekin, Jimmy Janssensekin, bat egin du, eta beheranzko bideari ekin diote. Talde nagusiak lekurik utzi nahi ez zuenez, aldea murriztu du jaitsieran. Azkar baino azkarrago jaitsi dira, eta zenbait eten sortu dira taldean bertan. Oso zaila zen etapako garaipena lortzea. Berriro ere, 8 txirrindulariko taldea sortu da, baina ez dira ondo moldatu. Lidl-Trek taldeak argi eta garbi zeukan ezin zela ihesaldirik egon, sailkapen orokorreko aldeak hain txikiak direla kontuan hartuta. Beste eraso bati esker, 5 txirrindularik 30”-ko aldea lortu dute tropelari dagokionez. Atzetik, beti-beti, liderraren taldea, tiraka; eta UAE Team Emirates taldea, gain-gainean.  

Lasterketa oso aurreratuta etorri da, aurreikusitako ordutegi onenaren aldean, batez besteko abiadura orduko 47 km-koa izan da-eta. Orduan, bai, ihesaldia arrakastatsua izan da, Muniketagainarako azken igoera falta bazen ere. Mendatera hurbiltzean, sekulako borroka izan da nagusi aurre-aurreko postuetan lekuratu nahian, txirrindulari askoren ustez etapa edo zerbait gehiago irabazteko aukerak zeudelako. Isaac del Toro saiatu egin da, erritmo bizi-bizia eman diolako lasterketari, baina Tao Geoghegan Hart buru zeukan tropelak alde horiek murriztu ditu.  

Abiadura handi-handia izan da etapako azken kilometroetan, eta Santi Buitrago ziztu bizian joan da beherantz. Hori dela eta, egoera zailean jarri ditu beste txirrindulari batzuk. Azkenean, harrapatu egin dute. Helmugarako 6 kilometro falta zirenean, UAE Team Emirates taldeko Brandon McNultyren txanda izan da, ihesi joan da-eta. Atzetik, Tao Geoghegan Hartek bere liderrarentzat lan egiten jarraitu du. Beste talde batzuk jazarpenean laguntzen hasi dira, etapa irabazteko borrokatu zitezkeela ikustean.  

4 kilometro baino gutxiago falta zirenean, harrapatu egin dute. Kern-Pharma taldeko Pablo Castrillo ahalegindu egin den arren, ez du arrakastarik izan. 30 txirrindulariko taldea etapako azken zuzengunera iritsi da etapa bera esprintean jokatzeko asmoz.  

Azkarrena Groupama-FDJ taldeko Romain Gregoire izan da, eta photo-finisha erabili behar izan da garaipena berresteko. Mattias Skjelmose (71, LDT) liderra da oraindik.  

5. etaparen osteko sailkapenak 

Etapako irabazlea: Romain Grégoire (83, GDF) 

Banakako sailkapen orokorra: Mattias Skjelmose (71, LDT) 

Mendiko sailkapena: Louis Meintjes (121, IWT) 

Puntukako sailkapen orokorra: Alex Aranburu (21, MOV) 

Gazte onenaren sailkapen orokorra: Juan Ayuso (101, UAD) 

Taldekako sailkapen orokorra: UAE Team Emirates 

Euskaldun onenaren sailkapen orokorra: Pello Bilbao (111, TBV) 

Borrokalariena: Isaac Del Toro (104, UAD) 

Julian Erasok OCETAko presidentetza utzi duen arren, txirrindularitzarekin lotuta jarraituko du
OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia