2024-04-01/06

Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia

  • Carlos Rodríguezek Itzuliko seigarren etapa eraman du
  • Juan Ayuso 2024ko Itzuliko garailea izan da, eta bere lehenengo txapela lortu du
  • Carlos Rodríguezek eta Mattias Skjelmosek azken podiuma osatu dute, eta bigarren zein hirugarren geratu dira, hurrenez hurren

2024ko Itzuliko seigarren eta azken etapara iritsi gara. Eibarren hasi eta amaitu da, eta txirrindulariek 137 kilometro zein 7 mendate izan dituzte aurretik. Sailkapen orokorra estu-estu zegoen, segundo gutxi batzuk baino ez zeudelako faboritoen artean. Mattias Skjelmosek (71, LDT) maillot horia defendatzen zuen.

Eguna, Itzuli guztiaren antzera, azkar baino azkarrago hasi da, eta 22 txirrindulariko oso ihesaldi jendetsua sortu da. Ia-ia talde guztiek txirrindulariren bat sartu dute ihesaldian; eta Visma-Lease a Bike taldeak, 3 kide. Atzetik, lan guztia Lidl-Trek taldeak egin du iheslariekiko aldeari eutsi nahian. Sailkapen orokorra kontuan hartuta, ihesaldiko arriskutsuena Brandon Rivera (167, IGD) izan da, liderretik 1’21’’ zegoen-eta. Eguneko bi mendateen ostean, iheslarien abantaila 3’20’’-koa zen.

Aurretik, David de la Cruzek (234, Q36) erritmoa biziagotu du Gorlarako igoeran, eta bakar-bakarrik heldu da goiko aldera. Liderraren taldeak tropelari tira egiten jarraitu du 3’50’’ atzerago. Iheslariek euren bideari ekin diote, eta, ihesaldiaren ihesaldia sortzeko zenbait saialdi egon diren arren, ez dira arrakastatsuak izan.

Krabelin, Arraterako igoera, heldu da, Itzuliko mendate beldurgarrienetakoa, alegia. Iheslariek erritmoari eutsi diote, eta, atzetik, erasoei ekin diete. Marc Soler eta William Junior Lecerf tropeletik aldendu dira malda gogorrak hasi bezain laster. Lasterketa-burua 2’30’’-ra zegoen. Talde nagusia desegiten hasi da, igoerako kilometroak igaro ahala. Ez da faboritoen arteko erasorik egon. Markina-Xemeindik igarotzean, 54 kilometro falta zirenean, lasterketa-burua talde jazarletik 55 segundora zihoan; eta, tropeletik, 1’30’’-ra. Azken talde horretan, Bora-Hansgrohe taldea aldeak murrizten hasi da, Max Schachmannek (36, BOH) eraso egingo zuelakoan.

Azkenean, Marc Solerrek, bere taldekide Sjoerd Baxen lanari esker, lasterketa-buruko taldean sartzea lortu du. Une horretan, helmugarako 40 kilometro falta zirenean, Marc Soler lasterketako lider birtuala zen. Jokaldi ezin hobea izan da, harik eta UAE Team Emirates taldearen unea iritsi den arte. Igor Arrieta (102, UAD) tiraka ibili da iheslarien artean, eta aldeari eutsi dio. Marcek hobaria lortu du eguneko bitarteko bigarren esprintean. Egoera zaildu egin da liderrarentzat.

Izuan, liderrak sailkapen orokorrean garaipena arriskuan zegoela ikusi duenean, erritmoa biziagotu du, eta oso-oso erritmo gogorrean joan da. Ayuso, Carlos Rodríguez, Santi Buitrado eta Isaac del Toro baino ez dira haren atzetik irteteko gai izan. Carlos Rodríguezek, lehendabizi, eta Ayusok, ondoren, segundo batzuk galdu dituen Skjelmoseri egin diote kontraerasoa. Juan Ayusok ez du atzerantz begiratu, eta bakar-bakarrik alde egin du. Aurretik, bere taldekide Marc Soler eduki du zain are urrunago eramateko. Maillot horiak, ordea, ez du amore eman, eta, igoeran, aurtengo Itzulian apurka-apurka behera egin duen Carlos Rodríguez harrapatu du. Etxebarriarako jaitsieran, Skjelmosek Ayusoren taldearekin bat egitea lortu du. Itzuliko azken mendatea iritsi da, eta, aldeak handitzeko azken aukera zenez, Juan Ayusok eraso egin du mendatea hasi bezain laster. Carlos Rodríguez baino ez da haren gurpilaren atzetik irteteko gai izan. Maillot horiak ihesalditik zetorren aliatua aurkitu du, hau da, Oscar Onley (155, DFP), bi iheslarien atzetik joateko, Marc Solerrek gain-gainean jarraitu duen bitartean.

Bi espainiarrak ederto batean moldatu dira, eta, helmugarako 14 kilometro falta zirenean, 25’’ ateratzen zioten Skjelmoseri.

Azkenean, Juan Ayuso eta Carlos Rodríguez elkarrekin heldu dira helmugara, eta behar besteko abantaila eduki dute, etapako garaipena, sailkapen orokorreko garaipena eta podiuma ziurtatzeko. Txirrindularien erakustaldia bikaina izan da 2024ko Itzuliko azken etapan.

Atzetik, Skjelmoseren taldea heldu da, eta bazekien txapela galdu duela. Honako hauexek osatu dute azken podiuma: Juan Ayuso, Carlos Rodríguez eta Mattias Skjelmose.

6. etaparen osteko sailkapenak

Etapako irabazlea: Carlos Rodríguez (161, IGD)

Banakako sailkapen orokorra: Juan Ayuso (101, UAD)

Sailkapen orokorreko bigarrena: Carlos Rodríguez (161, IGD)

Sailkapen orokorreko hirugarrena: Mattias Skjelmose (71, LDT)

Mendiko sailkapena: Sepp Kuss (3, TVL)

Puntukako sailkapen orokorra: Alex Aranburu (21, MOV)

Gazte onenaren sailkapen orokorra: Juan Ayuso (101, UAD)

Taldekako sailkapen orokorra: UAE Team Emirates

Euskaldun onenaren sailkapen orokorra: Pello Bilbao (111, TBV)

Borrokalariena: Marc Soler (104, UAD) Ihesaldi luzeena: Enekoitz Azparren (177, EUS)

Romain Gregoirek esprintean irabazi du Itzuliko bosgarren etapa Amorebieta-Etxanon 
Louis Meintjesek Itzuliko laugarren etapa irabazi du Legution  
Quinten Hermans nagusi izan da Altsasuko esprintean, eta 2024ko Itzuliko hirugarren etapa eraman du