Maite Rosendek Euskadi Literatura Saria jaso zuen iaz Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian eta, aurreko edizioetan bezala, aurtengo Itzulia Basque Countryren kartela diseinatzea egokitu zaio.
Ekimen honen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kartelgintzaren tradizioa berreskuratu nahi du, eta artisten kolektiboari bere lana ezagutarazteko aukera eta gune berriak eskaini
Kartela Arte Ederren Bilboko Museoan gordailutuko da.
Arte Ederren Bilboko Museoan egin da aurtengo Itzuliaren kartelaren aurkezpena eta bertan izan dira Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Javier Riaño OCETA – Organizaciones Ciclistas Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako (Itzulia antolatzen duen organizazioko) presidentea, Maite Rosende, aurtengo kartelaren egilea eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria.
Ekimen hau duela 8 urte abiatu zen Eusko Jaurlaritzaren eta Arte Ederren Bilboko Museoaren lankidetzari esker. Gerra Zibilaren aurretik, euskal artista ezagunek egin zituzten Itzulia txirrindulari proba iragartzeko irudiak eta, horietako asko, Arte Ederren Bilboko Museoan gordeta daude. Tradizioa berreskuratzeko asmoz, 2019an lankidetza hau sustatu zen eta Euskadi Literatura Sarietan Literatur Lanen Ilustrazioa kategorian saritutako pertsonak kartela diseinatzea erabaki zen. Ondoren, lan hori aipatutako museoan gordetzea da konpromisoa.
Hala, aurtengo kartelaren egilea Maite Rosende izango da. Itzulia Basque Country apirilaren 6tik 11ra bitartean jokatuko da, Bilbon hasi eta Bergaran amaituta, eta Itzulia Women maiatzaren 15etik 17ra.

Maite Rosendek azaldu duenez, “kartelak paisaia eta pelotoia konbinatzen ditu, Itzuliaren esentzia harrapatuz. Lasterketaren nortasuna islatuko duen irudi erraz eta ezagun bat sortu nahi izan dut, indar eta erritmo handikoa”.
Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak “sorkuntza artistikoa, kiroletik eta artetik konektatzearen garrantzia” nabarmendu du, “elkar indartuz eta proiektua, oro har, sozialki ikusgarriagoa eginez”.
Lasterketak antolatzen dituen elkartetik, Javier Riañok azpimarratu du “oso pozik” daudela “txirrindularitza eta artea elkartzen diren lankidetza honekin jarraitzeagatik”: “Aurten ere, Itzuliak artista bat izango du lasterketaren kartel ofiziala sortzeko. Maiteren ilustrazioaren bidez, tropelaren kolorea, gure lurraldeko mendiak eta liderra bereizten duen maillot horia ikus ditzakegu”.
Bestalde, Miguel Zugazak, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendariak, Itzuliak arte-sorkuntzarekin duen lotura bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu du: “kartelismoarekin eta ilustrazioarekin lotzen duen tradizio zabala jasotzen du, eta, aldi berean, zaletasunak partekatzen duen irudimen bisualari laguntzen dio”.
Ekimen honi esker, Arte Ederren Bilboko Museoan Yolanda Mosquera, Asisko Urmeneta, Miren Asiain, Javier Isusi, Maite Mutuberria, Joseba Larratxa eta David de las Herasen diseinuak gordailututa daude, Euskadi Literatura Sarietako Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian sarituak, eta horiei Maite Rosenderena gehituko zaie.
Maite Rosende (Donostia, 1991)
Maite Rosendek jolasetik sortzen du eta gozatu egiten du bere irudiak mota guztietako euskarrietara eramanez. Ornamentazio-pinturan eta ilustrazioan trebatua, hainbat liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturaren esparruan, eta hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu horiengatik. Bere lana nabarmendua izan da Iberoamérica Ilustra Katalogoan (Mexiko, 2021-2023) eta Bolognako Liburu Azokako (2023) ilustratzaileen erakusketarako hautatua izan da. Gaur egun, Donostiako Gilda sormen-estudioko kide da, beste sei artistarekin batera.
2025 urteko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, Literatur Lanaren Ilustrazioa kategorian, Traba lanarekin.
Itzulia Basque Country 2026
Itzulia Basque Country 2026 apirilaren 6tik 11ra egingo da. Guztira sei etapa izango dira:
- Etapa: Bilbo-Bilbo
- Etapa: Iruña – Cuevas de Mendukilo
- Etapa: Basauri – Basauri
- Etapa: Galdakao – Galdakao
- Etapa: Eibar – Eibar
- Etapa: Goizper-Antzuola – Bergara
Itzulia Women 2026 maiatzaren 15etik 17ra ospatuko da eta etapak oraindik ez dira jakitera eman.