2024-04-01/06

Itzuliak 2024ko edizioko etapak aurkeztu ditu 

  • Banakako erlojupeko batekin hasiko da   
  • Itzulia Iparraldera itzuliko da  
  • Itzulia Basque Country lasterketaren 63. edizioak 832,10 km izango ditu   

Gaur, urtarrilak 26, Itzulia 2024 lasterketako ibilbide ofiziala aurkeztu da. Aurkezpena gaur egin da Irungo udaletxeko bilkura aretoan; izan ere, lehen etapa eta bigarren etaparen hasiera bertan izango dira. Lasterketaren 63. edizioak Iparraldean barneratuko da. Horrez gain, erlojupeko etapa ere bueltan izango da, hain zuzen ere erlojupeko etaparekin emango baitzaio hasiera sei eguneko edizio historikoari.  Itzuliaren lehen edizioaren ehungarren urteurrenean lasterketak Euskal Herri osoa zeharkatzea nahi izan dute antolatzaileek.  

Julian Erasok Irungo alkate Cristina Labordarekin batera aurkeztu du 2024ko Itzuliaren ibilbidea; apirilaren 1etik 6ra jokatuko da, eta 832,1 km izango ditu. Ibilbideak Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Behera, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta berriz ere Gipuzkoa bisitatuko ditu, ordena horretan, eta Eibar erdigunean bukatuko da.  
 
Irungo alkate Cristina Labordak bere mintzaldian azaldu duenez, «Irun txirrindularitza lurra da, eta gure herrialdeko txirrindularitza hitzordurik garrantzitsuenetako bati hasiera hemen ematea eta, gainera, lehen ediziotik ehun urte bete diren urteurren berezi honetan izatea albiste ezin hobea da hiri honentzat.   Kirol honen zaleak zein hiria, oro har, zorioneko gaude, maila goreneko kirol ekitaldi batez gozatzeko aukera izango baitugu, baita horrek hirira ekarriko duen guztiaz ere: giro ona, adin guztietarako planak eta aukera bikaina gure hiriaren ekonomiari eta turismoari dagokienez, egitasmoa mundu aurreko erakusleihoa izango baita. 

Irunek ondo ezagutzen du lasterketa hau, ez baita kirol zita hau hartuko dugun lehen aldia; lasterketak 1975ean  bisitatu zuen gure hiria lehen aldiz, eta orain, ia 50 urte geroago, berriz ere kaleak hartuko ditugu txirrindulariak igarotzean, mundura zabalik dagoen geure hiri berrituarekin. 

Horrez gain, Udaletik pertsona guztiei zuzendutako jardueren programazioa landuko dugu, txikienetatik hasi eta nagusietaraino, Irungo hiritarrek zein bisitariek jai eta kirol egunaz goza dezaten. Hau da, beste urrats bat emango dugu Irun ekitaldien hiri izateko ahaleginean eta hitzordu handien mapan jar gaitzan».  

Lasterketa antolatzen duen OCETA elkarteko presidente Julian Erasok adierazi zuenez, «urte asko daramatzagu Iparraldera itzuli nahian. Zale askok eskatu digute, baina ez da erraza. Lan asko egin behar da eta aukera hori zailtzen duten baldintzatzaile asko daude.  Aurten, lasterketak lehen ediziotik 100 urte beteko dituen honetan, lortu egin behar genuen». Gaineratu zuenez, «Itzulia 2024k euskal zale guztiak elkartu nahi ditu oso edizio bereziaz gozatzeko».   


 

 
Edizio honetan 22 mendate puntuagarri egongo dira: Lehen kategoriako lau, bigarren kategoriako bost eta hirugarren kategoriako hamahiru. Denbora sariak izango dira helmugan (10”, 6”, 4”) eta tarteko esprintetan (3”, 2”, 1”).  

Etapa bakoitzeko analisia: 

Lehen etapa: IRUN / IRUN 10,00 km 

Erlojupekoa bueltan da Itzulian; etapa laburra izango da, ez oso gogorra, baina zenbait aldapa izango ditu.  Lehen tartea erabakigarria izango da ondo hasi eta erritmoa hartzeko. Hasi eta berehala galtzada harriko eremu txiki bat dago, % 10eko malda duena. Hor ikusiko dugu nor ari den serioan jokatzen. Zenbait aldiz gora eta behera ibili ondoren, igoera bakarra iritsiko da, 1,7 km-koa % 5,2n; gogor ekin beharko diote. Hortik Olaberria auzo osoa zeharkatu beharko dute, beherantz, udaletxera igotzeko aldapara iritsi arte. Sorpresarik ezean, ez da faboritoen arteko alde handirik espero.  

Bigarren etapa: IRUN / KANBO 160,00 km 

Lur engainagarria izango duen etapa horretan lasterketa Iparralden sartuko da. Mendate puntuagarri bakarra egongo da, baina etengabe igo eta jaitsi beharreko errepideak izango dira. Zenbait leku estu izango dira, eta tropela posizioa lortzeko borrokatu beharko da. Ihesaldia hasteko etapa izan daiteke.  

Hirugarren etapa: EZPELETA / ALTSASU 190,90 km 

2024ko edizioaren etaparik luzeena izango da, eta, gainera, sei mendate puntuagarri izango ditu. Ia geldi egotetik Otsondo igotzeari ekin beharko diote; leku aproposa izango da ihesaldi gogor eta anitz batek bidea ireki dezan. Helmugara lasterketaburuan iritsiko den taldea azken bi etapetan definitu daiteke.  

Laugarren etapa: ETXARRI ARANATZ / LEGUTIO 157,50 km 

25 kilometroko ordeka faltsuarekin eta Opakuako igoerarekin hasiko da; Opakua mendate bikaina izango da ihesaldia finkatzeko. Horren ondoren, basamortua iritsiko da, harik eta helmuga lehen aldiz zeharkatu arte. Urduritasuna zirkuituaren azken zatian hasiko da, hiru igoerarekin; laburrak izango dira, baina oso gogorrak.  Azken kota helmugatik 8 kilometrora baino ez da izango.  

Bosgarren etapa: GASTEIZ / AMOREBIETA-ETXANO 175,90 km 

Hasiera izango da eguneko une “lasai” bakarra, Zornotza lehen aldiz zapaltzeko jaitsi arte; orotara lau aldiz igaroko da lasterketa bertatik. Hortik aurrera, lasterketa Urkiolara igoko da (lehen kategoria), eta zirkuitu batean sartuko da; zirkuitu horretan bi aldiz igoko da Muniketa, baita puntuagarria izango ez den beste aldapa bat ere. Helmugara iritsi aurretik lasterkariek bi aldiz zeharkatu beharko dute kontrahelmuga, eta beste bi aldiz Zornotza.  

Seigarren etapa: EIBAR-EIBAR 137,80 km 

2023an bezalaxe, hauxe izango da lasterketa osoko etapa nagusia. Oso etapa exijentea eta selektiboa izango da hasiera-hasieratik, eta sailkapen orokorreko txirrindulariak izango dira eguneko protagonista handiak. 

Aurreko edizioetan ikusi den moduan, lasterketa kontrolatu ahal izateko talde ona izatea oso garrantzitsua izango da. 

Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia
Romain Gregoirek esprintean irabazi du Itzuliko bosgarren etapa Amorebieta-Etxanon 
Louis Meintjesek Itzuliko laugarren etapa irabazi du Legution