2026ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala egin da Bergaran

Martxoaren 26ko ekitaldia Seminarixoan egin da, eta, bertan, ordezkari instituzionalek zein antolatzaileek parte hartu dute 

Apirilaren 6an, Ayuso, Del Toro, Seixas eta Roglic Bilboko irteeran egongo dira, besteak beste.  

Gaur, martxoak 26, 2026ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala egin da Bergarako Seminarixoan. Lasterketaren edizio berria aurkezteko ekitaldian, ordezkari instituzionalek, babesleek eta erakundeko kideek parte hartu dute. 

Honako hauexek parte hartu dute ekitaldian: Gorka Artola, Bergarako Udaleko ordezkaria; Javier Riaño, OCETAko presidentea; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroletako zuzendaria; Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak; Basotik; Ibon Barberia, Echemarreko Komunikazioko zuzendaria; eta Joseba Urkiola, EITBko ordezkaria. 

Aurkezpenean bertan, aurretiaz jakitera emandako 2026ko edizioko ibilbidea gogorarazi da, baita 2026ko Itzuliko abesti ofiziala eta dortsalen behin-behineko zerrenda ere.  

Gorka Artolak, Bergarako alkateak, adierazi duenez, “Bergaran, argi eta garbi dugu Itzulia ez dela maila goreneko kirol-ikuskizuna bakarrik. Askoz gehiago da. Gure herriko eta, modu zabalagoan, Euskal Herriko nortasuna, kultura zein balioak mundura zabaltzeko aukera aparta da. Itzuliak tokian-tokian nahiz nazioartean daukan jarraipenak Bergara eta Debagoiena jarriko ditu mapan, eta gure paisaia, gure historia eta gure jendea eramango ditu mundu zabaleko ikus-entzuleengana. Inolako zalantzarik gabe, hori guztia harrotasun-iturria da guretzat”.  

Halaber, bere esanetan, “aurten, gainera, ospatzeko arrazoi berezia daukagu: Lokatzaren 50. urteurrena. Mende erdiko lana ez da erraz egiten. Lokatzak gure herrialdeko txirrindularitzaren kultura eratu eta sendotu du, belaunaldiak batu dituelako eta kirolaren balioak igorri dituelako: ahalegina, diziplina eta kidetasuna, besteak beste. Horregatik, azken etapa Bergaran amaitzea Lokatzari eta gure herrian hain sustraituta dagoen txirrindularitza-tradizioari eskainitako benetako omenaldi zoragarria da”.  

Javier Riañok, OCETAko presidenteak, esan duenez, “Itzuliaren 65. edizioak ikuskizun handia eskainiko du, eta, bertan, mendia zein maila handiko txirrindulariak izango dira nagusi. Ez dira egongo ez Pogacar ez Vingegaard, baina beste txirrindulari batzuk bai, ordea; Ayuso edo Del Toro, esaterako. Izan ere, euren artean lehiatuko dira, itzuli handietako bat irabazi ahal izateko”. Bere esanetan, “lasterketa hazi eta hazi egin da markekin zein enpresekin garatutako lankidetza berriei esker. Horrez gain, kopuruari begira ere hazi da urtez urte, Euskadiko txirrindularitzaren egoera onaren adierazgarri. Hori, gainera, albiste handia ere bada, lasterketak luzaroan iraun dezan”. 

Gorka Iturriagak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroletako zuzendariak, balioa eman dio Itzuliko antolatzaileen lan eskergari: “hain maila handiko probak antolatzeko, eskakizunak gero eta handiagoak eta zailagoak direla kontuan hartuta, antolakuntza bera bikaina izan behar da. Hori dela eta, gaur, lan horri eman nahi diot balioa”. 

Era berean, zuzendariak zale guztiak gonbidatu ditu Itzuliaz gozatzera eta kaleak zein errepideak ikurrinez betetzera. 

Roberto Ramajok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak, azpimarratu duenez, “Itzuliak berriro egiaztatu du txirrindularitzak indar handi-handia daukala Gipuzkoan eta gure lurraldeak gaitasun handia duela kirol-hitzordu handiak antolatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailarentzat, lasterketa hau babestean, kirola ulertzeko modu zehatza babesten da, eta oso lotune handia dauka ahaleginarekin, zaletasunarekin eta harrotasunarekin. Itzuliak nazioarteko dimentsioa dauka, baina, horrez gain, jarduera sortzen du, Gipuzkoa proiektatzen du kanpoan eta kirolaren zein herritarren arteko lotura indartzen du”.  

Joseba Urkiolak, EITBko ordezkariak, adierazi duenez, “Itzulia urteko ekitaldi handienetakoa da EITBrentzat. Munduan lekuratzen gaitu, eta gure izaerarako oinarri zein euskarri nagusia da. Hori dela eta, eskuragarri ditugun baliabide guztiak darabiltzagu ekitaldi guztietan. Aurten ere, goi-teknologia erabiliko dugu, eta jarraipen zabal bezain osoa izango dugu telebistan, irratian eta Interneten”. 

“Bilbotik irten eta Bergarara iritsiko denez, EITB euskarri garrantzitsua izango da, baita zabalkunderako tresna ere”. 

Ibon Barberiak, Echemarreko Komunikazioko zuzendariak, azaldu duenez, “Itzuliari babesa ematean, hain zuzen ere, boluntarioen erakundeari ematen zaio babesa, kirola sustatzen da edo gure lurraldea erakusten da, euripean ere ezin zoragarriagoa dela kontuan hartuta. Itzuliari babesa ematea gauzak egiteko, bizitzeko eta luzaroan irauteko modua aldarrikatzea ere bada. Horretarako, gure familietan eta baserrietan belaunaldiz belaunaldi igortzen den funtsezko balioa dugu oinarri: auzolana”. 

“Bete-betean inplikatzen gara antolakuntzan, egunsentitik gauera arte, aste osoan. Dena dela, bizitasun berberaz ere gozatzen dugu: lehenago, prestaketetan; bitartean, norgehiagokak sorrarazitako zirrararen ondorioz; eta, ostean, gure lurralde historikoko leku batetik bestera ordu gutxitan ingurunea eraldatzeko dugun gaitasunagatik, gure berme eragileagatik eta, geure egunez eguneko lanean metatutako esperientziari esker, urterik urte hazten den giza errendimenduagatik”, adierazi du amaieran.  

Itzulia Basque Countryk berriro sendotu du WorldTour egutegian bertan daukan posizioa, eta lurraldearekin daukan lotuneari eutsi dio, instituzioen, babesleen eta edizio guztietan bidelagun dituen zaleen bitartez. 

Txapeldunak janzten 

Berriro ere, Gobik izango da 2026ko edizioko Itzulia Basque Countryko sailkapen nagusiko liderrak jantziko dituena. Aurten ere, lau maillot bereizgarri egongo dira: Euskadi Basque Countryk sailkapen nagusiko irabazlearentzat babestutako horia, Basotik Fundazioak babestutako mendikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako erregulartasunekoa; eta EITBk gazte onenarentzat babestutakoa. 

Munduko txirrindularitza onena sei etapatan 

2026ko Itzulia Basque Country apirilean garatuko da, sei etapa izango ditu eta bere ohiko formatuari eutsiko dio WorldTour egutegiaren barruan. Aurretiaz aurkeztutako ibilbideak berriro zeharkatuko ditu Euskadiko zenbait udalerri eta lurralde hurbil. Guztira, 810,1 kilometro edukiko ditu, metatutako malda 16.154 metrotik gorakoa izango da eta honelaxe banatutako 29 mendate puntuagarri egongo dira: lehen mailako 4, bigarren mailako 7 eta hirugarren mailako 18. 

Proban, nazioarteko maila goreneko taldeek eta txirrindulariek parte hartuko dute; esate baterako, Juan Ayuso, Thibau Nys eta Mattias Skjelmose (LIDL-TREK); Maximilian Schachmann eta Mikel Landa (SOUDAL QUICK-STEP); Isaac del Toro (UAE TEAM EMIRATES XRG); Primoz Roglic (RED BULL – BORA – HANSGROHE); Paul Seixas (DECATHLON CMA CGM TEAM); Cian Uijtdebroeks (MOVISTAR TEAM); Pello Bilbao eta Antonio Tiberi (BAHRAIN VICTORIOUS); Alex Aranburu eta Ion Izagirre (COFIDIS); eta Ben Healy (EF EDUCATION – EASYPOST), besteak beste. 

Itzulia Basque Challenge 

2026an, Itzulia Basque Challenge martxa zikloturistaren beste edizio bat egingo da, aurreko urteetako harrera onaren ostean. Aurtengo martxa Bergaran hasi eta amaituko da. Berriro ere, probak zenbait mailatara egokitutako bi ibilbide eskainiko dituenez, parte-hartzaileek lehiaketa profesionalaren antzeko esperientzia bizi ahal izango dute. 

Ibilbide nagusiak Itzuliko azken etaparen lorratza jarraituko du, eta trazatua gogorra izango da kilometroen kopuruagatik nahiz metatutako maldagatik. Probak bi ibilbide-aukera eskainiko ditu maila guztietara egokitzeko: 

  • World Tour ibilbidea: 133,8 km eta +3.000 m-ko malda 
  • Iraupen ertaineko ibilbidea: 70,2 km eta +1.650 m-ko malda 

Itzuliko Naiz 2026ko Itzuliko abesti ofiziala izango da 
Itzulia Basque Countryko ibilbidean Red Bull Kilometroa jarriko da lehen aldiz
Itzuliak eta Goizper Groupek seigarren etapako irteerarako hitzarmena sinatu dute
12 de abril de 2026

Inscríbete a la Itzulia Basque Challenge

Dos recorridos // Siéntete como un profesional. 

¡Acreditación para la última etapa incluida!