Alex Aranburu 2025eko Itzuliko mendiko lehenengo etapako irabazlea izan da  

  • Alex Aranburu Itzuliko hirugarren etapa irabazi du 
  • Max Schachmannek maillot horiari eutsi dio 
  • Azkenean, UCIko epaileek Alex Aranbururi garaipena eman diote 

2025eko Itzuliko hirugarren etapa Zarautzen hasi eta Beasainen amaitu da. Gaurko etapa gipuzkoarra izan da erabat, eta 155 kilometroko ibilbidea eduki du. Lehenengo bi etapen ostean, lehenengo etapa gogorra iritsi da, 7 mendate puntuagarri izan ditu-eta. Bere maldagatik eta igoeren motagatik, seigarren etaparekin batera etapa nagusia izan dela esan liteke.  

Kostaldean zehar lasterka hasi denean, tropelak ihes egiteko zenbait saialdi egin ditu, baina ez dira arrakastatsuak izan, harik eta Andazarrateko mendatea jaitsi ondoren 48. kilometrora iritsi arte. Txirrindulari bakar bat, Bruno Armirail (DAT, 61), lasterketako liderra zen, eta minutu bat eta 30 segundoko gehieneko aldea zeukan tropelarekin.  

UAE Emirates-XRG taldeak tropelari erritmo bizi-bizia ezarri dionez, Bruno Armirailek (DAT, 61) ez du lar aldentzeko aukerarik eduki. Joao Almediaren (UAD, 1) eta Isaac Del Tororen (UAD, 4) taldeak bete-betean lan egin du, etapa ezin azkarragoa izateko eta, etaparen amaierari begira, txirrindulariak atzean uzteko. Talde nagusiaren eta iheslariaren arteko aldea 40 segundokoa zen. Santa Agedara (2. mailakoa) igotzean, Pello Bilbao (TBV, 31) tropeletik kanpo geratu da, besteak beste. Jaitsieran, taldean berriro sartzen saiatu bada ere, ez du lortu, ordea. 

Lasterketa-buruko erritmoa oso-oso bizia izan denez, Isaac Del Toro (UAD, 4), Aleksandr Vlasov (RBH, 4) eta Sepp Kuss (TVL, 202) zenbait metro aldendu dira tropeletik. Azkar-azkar, Movistar Team eta Soudal Quick-Step taldeak tartea gutxitzen joan dira. Tropelak Bruno Armirail (DAT, 61) harrapatu du helmugatik 72 kilometrora.  

Ihesaldia neutralizatu ondoren, UAD Team Emirates-XRG taldeak eraso gehiago egin ditu Mandubiara (2. mailakoa) igotzean: lehenengo eta behin, Brandon Mcnultyrekin (UAD, 6); eta, gero, Isaac Del Tororekin (UAD, 4). Etapa ezin biziagoa izan da benetan. Florien Lipowitz (RBH, 71) erritmo bizkor-bizkorrean saiatu da, eta atzetik zetorren taldetik aldendu da. Bertan, Joao Almedia (UAD, 1) zegoen, besteak beste. Dena dela, ezin izan dio tarte horri eutsi. Une horretan, lasterketako liderrak, Max Schachmannek (SOQ, 144), segundo batzuk galdu ditu. Igoera osoan, erasoak egon dira etengabe. 

63 kilometro falta zirenean, Joao Almeida (UAD, 1), Brandon Mcnulty (UAD, 6), Mattias Skjelmose (LTK, 27), Enric Mas (MOV, 81), Nelson Oliveira (MOV 86) eta Harold Tejada (XAT, 226) txirrindulariek 12 segundoko abantaila atera diete tropelean geratzen zirenei. Tropel horretan, maillot horia eta Red Bull – Bora – Hansgrohe taldeko txirrindulari nagusiak zeuden. Vlasovek eta Lipowitzek tartea gutxitzea lortu duten arren, Almediaren taldearen erritmoa geldiezina zen. Tropel guztia banan-banako ilaran zihoan.  

Segurarako jaitsieran, Marc Soler (UAD, 7), Clément Berthet (DAT, 62) eta Rudy Molard (GFC, 125) txirrindulariek segundo batzuetako abantaila erdietsi dute. Tropelak erritmoa jaitsi duenez, marjina utzi die iheslariei, eta, 50 kilometro falta zirenean, minutu bat galdu dute. Erritmo motelago horren ostean, txirrindulari asko tropelean sartu dira berriro.  

Gaintzara igotzean, Clément Berthet (DAT, 62) baino ez zegoen lasterketa-buruan. Atzetik, faborito nagusiak elkar kontrolatzen ibili diren arren, ez da erasorik egon %20ko malda gogorretan. Maillot horiak taldean jarraitzen zuen.  

Helmugatik 26 kilometrora, iheslariekiko aldea minutu batekoa zenean, Max Schachmannek (SOQ, 144) erasoari ekin dio bide lauan, baina ezerezean geratu da. Lehentxoago, Joao Almeida (UAD, 1) talde nagusitik aldendu da Alex Aranbururekin (COF, 51) eta Enric Masonekin (MOV, 81). Red Bull – Bora – Hansgrohe taldeak ikusi egin du, eta tiraka hasi da, harik eta atzetik zetorren taldeari 30 segundoko errenta atera arte.  

Azken igoerak, Lazkaomendirakoak, zeresan handia izan du etaparen amaieran. Iheslariaren eta talde nagusiaren arteko aldea 20 segundora murriztu da, eta, azkenean, talde horretan sartzea lortu du Joao Almeidaren taldeak. Txirrindulariak nekez ari ziren igotzen, Lipowitzen erasoetako batean Schachmann haren atzetik joan ahal izan denean. Maillot horiaren erritmoa oso ona zen. Aldeak gutxienekoak ziren. Helmugatik 6 kilometrora eta Lazkaomenditik kilometro batera, Clément Berthet (DAT, 62) neutralizatu dute.  

Atzetik, Alex Aranburu (COF, 51), Enric Más (MOV, 81) eta Joao Almedia (UAD, 1) txirrindulariek bat egin dute. Cofidiseko txirrindulari gipuzkoarrak eraso onari ekin dio, eta, ondoren, Romain Grégoirek (GFC, 122) nahiz maillot horiak euren erritmoa aldatu dute. Jaisten hasi dira, eta, jarraian, Beasaingo kaleetan sartu dira, azken txanpari aurre egiteko.  

Aldapa batean, UAE Emirates taldeko txirrindulari portugaldarrak erritmoa aldatu du, eta zenbait metroko aldea lortu du. 4 kilometro baino ez ziren geratzen helmugarako. Atzetik, Aranburu saiatu da; eta, jarraian, 15 bat txirrindulariko taldea.  

Kilometro bat falta zenean, Alex Aranburuk zenbait metroko abantaila erdietsi du, eta lehenengo postuan iritsi da helmugara Romain Grégoireren (GFC, 122) aurretik. Edonola ere, epaileek VAR berrikusi dutenean, Alex Aranburu kanporatu dute, azken biribilguneetako batean behar ez zen lekutik joan delako. Horrela, Romain Grégoirek (GFC, 122) bere bigarren garaipena lortu du Itzulian, edizio honetako lehenengoa, alegia.  

Ordu batzuk geroago, eta hainbat eragozpenen ostean, etapako garaipena Alex Aranbururi itzultzea erabaki zuen komisarioen taldeak. Adierazpenak honela zioen: 

“Jasotako lehen irudien ostean, 51 dortsala deskalifikatzeko erabakia hartu da, ‘Probaren ibilbidea desbideratzeagatik, horrela abantaila lortuz’, irudiek antza, txirrindulariak biribilgunea seinaleztatutako ibilbidetik desbideratzen zen modu batean hartu duela erakusten zutelako. 

Hala ere, zenbait proba jaso eta berrikusi ondoren (Veloviewer-en datuak, ibilbide-liburua eta taldeak emandako informazioa barne), ta eskura zegoen informazio guztia berrikusi ondoren, Cofidis taldeko txirrindulariak biribilgunea aukeratutako lekutik hartu duela ikusi da. 

UCIaren araudiko 1.2.064 artikuluaren arabera, “Txirrindulariek ibilbidea aldez aurretik aztertu beharko dute”. Kasu honetan, txirrindulariak aurreikusitako trazatua zuzen jarraitu du. 

Gainera, txirrindulariak biribilgunetik irten ostean lortutako abantaila handitzen jarraitu da helmugara iritsi arte. 

Era berean, antolatzaileekin hitz egin da, eta biribilgune horren seinaleztapenean akats bat zegoela baieztatu da. 

Hori guztia dela eta, Epaimahai teknikoak hasierako erabakia bertan behera uztea erabaki du eta helmugako lerrotik txirrindulariaren pasea balioztatu da”. 

Max Schachmannek maillot horiari eutsi dio. 

Joao Almeida aurrena helmugaratu da Eibarren, eta bere lehenengo Txapela lortu du 
Ben Healy nagusi Gernika-Lumoko helmugan 
Joao Almeidak laugarren etapa irabazi du, eta lasterketako maillot hori berria da