2024-04-01/06

Joseba Larratxe ilustratzailearen kartelak iragarriko du Itzulia Basque Country 2024

  • Literatura Lanen Ilustrazio kategorian Euskadi Literatura Saria jaso zuen Larratxek iaz eta aurreko sei urteetan bezala berari egokitu zaio Itzuliako aurtengo kartela diseinatzea

Aurtengo Itzulia Basque Country apirilaren 1etik 6ra bitartean egingo da eta gaur aurkeztu da 63. edizioa iragarriko duen kartela. Duela sei urtetik lan literarioen ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatzen du Itzuliaren kartela. Aurten saria jaso duena eta beraz, kartelaren egile, Joseba Larratxe izan da. Berak jaso du Euskadi Literatura saria Ni ez naiz Mikel Laboa lanarekin.

Arte Ederren Bilboko Museoak hartu du gaurko aurkezpena eta bertan izan dira  Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Julian Eraso Itzulia Basque Countryren antolatzaile den OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidentek, Joseba Larratxe egilea eta Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria.

Joseba Larratxek azaldu duenez Itzulia Basque Country-ren aurtengo kartela egiteko enkargua jaso zuenean bi irudi etorri zitzaizkion burura: “batetik, txirrindularien esfortzu aurpegiak, izerditan, ahoa zabalik edo hortzak estuturik, mendian gora. Bultzada horrekin erlazionatu dut beti txirrindularitza. Bestetik, euskal zaletuen irudia etorri zitzaidan gogora, Euskal Herriko eta atzerriko portuetan, errepide bazterra ikurrinez betetzen. Izan ere, zaleak dira euskal txirrindularitzaz gehien goraipatzen dena. Ondoren, txirrindulariaren betaurrekoetan zaletuen isla erakutsiz bi irudi horiek bakar batean elkartu nitzakeela konturatu nintzen. Modu horretan, txirrindulariaren azalean jartzen gara eta berak ikusten duena ikusten dugu”. Larratxek gaineratu duenez “ikurrina kartelean txertatu eta dituen kolore biziak ongi integratzeko modua topatu nuen: irudi osoa ikurrinaren hiru koloreekin konposatzea”.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gaurko aurkezpenean gogoratu duenez, kartelaren enkargua artista bati egitearen jatorria Gerra Zibilaren aurreko garaietan dago: “Gerra zibilaren aurretik ohikoa zen goi-mailako euskal artistek kartelak egitea, besteak beste, txirrindularitza lasterketenak eta Kirola eta kultura batu eta gure sortzaileei aukera berriak emateko helburuarekin 2019an berriro berreskuratu genuen ohitura hori. Gure sortzaileei aukera berriak ematen dizkiegu eta beraientzat ohikoa ez den publiko batengana hurbiltzeko aukera ematen digu. Kirola eta Kultura batzen dituen ekimena da hau”. 2019tik Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek, Javier de Isusik eta Maite Mutuberriak diseinatu dituzte Itzuliako kartelak. Denak daude Arte Ederren BIlboko Museoan gordeta.

Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendariak Joseba Larratxe kartelaren egilea zoriondu du, “kirolarien ahalegina eta euskal zaleen atxikimendu sutsua grafikoki sintetizatzeko izan duen gaitasunagatik”. Gainera, “artearen eta kulturaren balioak lurraldean zabaltzen laguntzen duten arte aplikatuetako profesionalen harrobi garrantzitsua” azpimarratu du.

Bestalde, Julian Eraso elkarte antolatzailearen presidenteak “kirolaren eta kulturaren arteko garrantzia eta lotura” azpimarratu ditu. “Itzulia kirol arlotik haratago doa, gaur albiste da arlo kultural eta artistikoagatik, baina beste batzuetan turismoaren ikuspegitik ere erakargarria da”.  Eta gaineratu zuenez, “hainbat urte daramatzagu lankidetza honekin, baina edizio hau bereziki garrantzitsua da, lehen edizioa egin zenetik 100 urte betetzen direlako, kartel hau historiara pasatuko da”.

Joseba Larratxe

Joseba Larratxe Berazadi Irunen jaiotakoa da eta Josevisky ezizenarekin ezagutzen da. Donostiako eskolan arkitektura ikasketak egin zituen, baina komikigintza izan zuen beti pasio. Argia-rako ilustrazioak egin ditu, H28 aldizkari satirikoarekin kolaboratu du eta Gaztezulo-n Aingurak komikia argitaratu du. 2023an Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitatean Euskadi Literatura saria jaso zuen “Ni ez naiz Mikel Laboa” lanagatik.

Itzulia Basque Country

Itzulia Basque Country-k 100 urte beteko ditu aurten. Apirilaren 1etik 6ra bitartean ospatuko da. Irunen hasi eta Eibarren amaituko da aurtengo edizioa. Guztira sei etapa izango dira: Irun-Irun, Irun-Kanbo, Ezpeleta-Altsasu, Etxarri Aranatz- Legutio, Gasteiz-Amorebieta Etxano eta Eibar-Eibar.

Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia
Romain Gregoirek esprintean irabazi du Itzuliko bosgarren etapa Amorebieta-Etxanon 
Louis Meintjesek Itzuliko laugarren etapa irabazi du Legution