Itzulia Basque Country 2023ko aurkezpen ofiziala

  • Itzuliaren 62. edizioan nazioarteko tropeleko txirrindulari onenak egongo dira
  • Daniel Felipe Martínezek iaz lortutako garaipena defendatuko du
  • Itzuliako irabazleen mailloten diseinu berriak aurkezten dira

Gaur, Itzulia Basque Country 2023ko aurkezpen ofiziala egin dute Eibarreko Coliseo Antzokian. Bertan, besteak beste, Jon Iraola, Eibarko alkatea; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Itziar Mahave, Banco Sabadelleko Iparraldeko Sare Komertzialeko zuzendaria; Goizane Álvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteriako eta Kiroletako zuzendaria; Idoia Gonzalez, TotalEnergies-eko marka, marketin eta komunikazioa; eta Mikel Arrillaga, HAZIko marken eta merkatuen saileko arduraduna, egon dira.

Aurkezpenean, Eibarko alkate Jon Iraolak honako hau adierazi du: «Txirrindularitzari hain lotuta dagoen eta kirol hori bere ondare industrial eta historikoan duen hiri bateko alkate gisa, ohore handia da Coliseo Antzoki honetan Itzulia Basque Country 2023 lasterketa garrantzitsuaren aurkezpena hartzea, eta, beste behin, etaparik erabakigarriena Eibarren izatea. Gure hiria beste behin izango da lasterketa gogorrenetako batean txirrindulariek dena ematerakoan sortutako zirrararen gunea, eta, gainera, aurten txirrindularitza are gehiago hurbilduko dugu, helmuga hirigunean izango baita, horrek antolakuntza eta logistikaren ikuspuntutik dakarren erronka handiarekin. Eibarko Udaletik lanean jarraituko dugu, gure hirira txirrindularitzaren urteroko egutegiko lasterketa garrantzitsu hau ekartzen jarraitzeko».

Udalak, erakundeak, babesleak eta lasterketaren lagunak aurrean zeudela aprobetxatuz, Julian Erasok honako hau esan du: «Emandako babesa eskertu nahi dizuet, zuen laguntzarik gabe lasterketa honek aurrera egingo ez lukeelako. Guztiontzat zailak izandako urte batzuen ostean, badirudi txirrindularitza berriz ere pandemiaren aurretik bezala biziko dugula. Edizio honetan, espero dugu munduko onenetakoak diren gure zaleek Euskadiko errepideak betetzea, beti egin duten bezala txirrindulariei babesa eskaintzeko».

Banco Sabadelleko Itziar Mahaveren hitzetan, banketxeak «Itzuliarekin duen konpromisoa mantentzen du. Edizio honekin, entitateak jada 12 urte daramatza nazioartean erreferente den lasterketa hau babesten.

Guretzat lurraldeko ekitaldi garrantzitsuena da. Urte horietan guztietan, Itzuliak gure marka nabarmendu du Euskadin. BS Sari Nagusia babesaren bitartez, entitatea Euskal Herriko txirrindularitzarekin lotzea lortu dugu. Euskadin, historikoki txirrindularitzarako zaletasun handia dago, eta, urtero bezala, kirol-ekitaldi horretan parte hartzeko aukera emango diegu bezero batzuei, Itzuliako etapa guztietan gurekin batera egongo direlako».

Hitzaldiaren amaieran, honako hau gaineratu du: «Banketxeek eta txirrindularitzak balio asko partekatzen dituzte. Talentu, norbanakoaren esfortzu eta talde-lanari esker, oso urrun heldu eta proposatutako helburuak lor ditzakezu. Ez dago bihurgune edo mendirik gu gelditzeko gai. Itzuliaren parte izatea ohore eta poztasun handia da BSrentzat».

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak erakundeek Itzuliari emandako babesa nabarmendu eta hau azpimarratu du: «Txirrindularitzaren zirkuitu garrantzitsuenean gaudenez, gure lasterketan ere tropeleko txirrindulari onenak egongo dira. Horrez gain, nazioarteko erakusleiho bat edukiko dugu gure burua ezagutzera emateko, erakusleiho bat munduaren aurrean agertzeko, gure herrialdea txirrindularitzaren zalea dela berriz erakusteko, eta maila goreneko proba bat, gure Itzulia, antolatzen dakigula erakusteko. Tropelean profesional handiak edukitzeaz gain, zale onenak ditugu».

TotalEnergies enpresako Idoia Gonzalezen hitzetan, «Total Energiesen beti egon nahi izan dugu kiroletik oso gertu, jarduera-mota horiekin lotutako balioekin identifikatzen garelako. Gainera, eskualde bakoitzeko bezeroengana hurbiltzeko modu bat da, hurbil sentiarazi eta aurpegia eta ahotsa jar gaitzaten. #lasterketetakoenergia gara, eta hori nabaritzea nahi dugu. Halaber, agertoki bikaina da gure talde profesionala, bere maillotean mundu osotik gure logoa eramaten ari den Team Total Energies taldea, ezagutarazteko, eta luxua da hemen ere taldea edukitzea».

Txapeldunak janzten

Aurten ere, Gobik markak Itzuliako txapeldunak jantziko ditu. 2023ko edizio honetarako lau diseinu prestatu ditu: horia irabazlearentzat, Banco Sabadellek babestua, mendikoa (Eusko Label), erregulartasunaren maillota (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta gazte onenarena (Euskadi Basque Country).

Sei etapa munduko txirrindularitza onenarekin

Itzulia Basque Country 2023 apirilaren 3tik 8ra bitartean jokatuko da, eta, sei etapatan, Vitoria-Gasteiz eta Eibar lotuko ditu. Lasterketaren 62. edizioak Vitoria-Gasteiz, Bastida, Viana, Leitza, Errenteria, Amasa-Villabona, Santurtzi, Amorebieta-Etxano eta Eibar bisitatuko ditu, eta guztira 992,5 kilometro izango ditu.

Aurreikusten da, apirilaren 3an Vitoria-Gasteizeko irteeran Itzuliaren iazko irabazlea, Daniel Felipe Martínez (Ineos Grenadiers), Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) eta Richard Carapaz (EF Education – Easypost) txapeldun olinpikoa egotea, besteak beste, honako hauekin batera: Enric Mas (Movistar Team), David Gaudu (Groupama-FDF), Adam Yates, Juan Ayuso eta Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates), Egan Bernal eta Carlos Rodríguez (Ineos Grenadiers), Ion Izagirre (Cofidis), Mikel Landa eta Peio Bilbao (Bahrain Victorious), David Gaudu (Groupama-FDJ), Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates) eta Simon Yates (Team Jayco Alula).

Itzulia Basque Challenge                                  

Itzuliaren martxa zikloturistaren lehen edizioa apirilaren 9an izango da. Parte-hartzaileek World Tour proba batean bizitakoaren antzeko esperientzia bat biziko dute. Bi ibilbide egongo dira. Lehendabizikoa, Itzuliako etapa nagusian profesionalek egindako bera izango da. 137,8 kilometro eta 3.600 metroko desnibela edukiko ditu. 7 mendate puntuagarrik zikloturistak probatuko dituzte ibilbide gogor horretan. Bigarrenak, Iraupen Ertainak, berriz, 80,6 kilometro eta 2.100 metroko desnibela edukiko ditu. Gainera, 4 mendate gainditu beharko dituzte, lehen mailako bi, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako beste bat.

Julian Erasok OCETAko presidentetza utzi duen arren, txirrindularitzarekin lotuta jarraituko du
OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia