Honelaxe joan da 2024ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala

  • Itzuliak 100 urte bete ditu lehen edizioa egin zenetik 
  • Itzuliaren 63. edizioan, nazioarteko tropeleko txirrindulari onenek parte hartuko dute 
  • Jonas Vingegaardek bere iazko garaipena defendatuko du 
  • Itzuliko irabazleen mailloten diseinu berriak aurkeztu dira  

Gaur, 2024ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala egin da Irungo Ficoban. Honako hauexek parte hartu dute ekitaldian: Cristina Laborda, Irungo alkatea; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Ariketa Fisiko eta Kiroleko zuzendaria; Itziar Mahave, Banco Sabadelleko Iparraldeko Lurraldeko Merkataritza Sareko zuzendaria; Marta Pastor, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendaria; Iratxe Gañan, TotalEnergies-eko Marketina, Marka eta Komunikazioa; eta Mikel Arrillaga, HAZIko Marken eta Merkatuen Arloko arduraduna, besteak beste.     

Cristina Labordak, Irungo alkateak, aurkezpenean esan duenez, “aurtengoa Itzuliko edizio berezienetakoa izango da. Lasterketaren mendeurrena ospatuko dugu, eta, Irunen, irteteko pistola-tiroa emango duen egoitza izateko pribilegioa edukiko dugu. Nazioarteko txirrindularitzako hitzordu garrantzitsuenetakoa bizitzear gaude, eta hiria ondo baino hobeto dago prestatuta, jende askoren lanari zein inplikazioari esker. Jakin badakit historiaz, naturaz eta zirraraz betetako etapa bizi izango dugula”. 

Udalak, instituzioak, babesleak eta lasterketako lagunak bertan zeudenez, Julian Erasok une horretan eman nahi izan dizkie “eskerrak, zuon babesagatik, zuon laguntza eduki ezean, ezinezkoa izango litzatekeelako lasterketa hau aurrera eramatea. Eskerrik asko laguntzen diguzuen guztioi, Itzulian sinesten duzuen guztioi eta txirrindularitza maite duzuen guztioi. Itzuliak 100 urte bete ditu lehen edizioa egin zenetik. Oso urte berezia da, eta, aurten ere, ohikoa bezalako beste ikuskizun handi bat eskainiko delakoan gaude”. 

Banco Sabadelleko Itziar Mahavek banku-erakundeari buruz esan duenez, “Banco Sabadell 2012an hasi zen Itzuliarekin lan egiten. Harrezkero, 13 urtean, urtez urte, gure marka kirol-ekitaldi honekin egon da lotuta. Banco Sabadellentzat, Itzulian parte hartzea benetan harro egoteko modukoa eta pribilegioa da, lurraldean oso-oso sustraituta dagoen kirol-ekitaldiko protagonistak izateko aukera ematen digulako eta, aldi berean, kirolarekin zein zaleekin daukagun konpromisoaren erakusgarri ere badelako”.  

Ariketa Fisiko eta Kiroleko zuzendariak, Gorka Iturriagak, nabarmendu duenez, Itzulia Basque Country “hitzordu saihestezina da txirrindularitzaren nazioarteko egutegian, eta, horren ondorioz, munduko erakusleihoan gaude. Itzulia Basque Country aukera aparta da, munduari txirrindularitza modu berezian eta bete-betean bizi duen herrialdea erakusteko. Txirrindularitzaren munduan zerbaitengatik ezagunak bagara, gure zaletasunagatik da. Horrez gain, euskal txirrindulariek urteen joan-etorrian nazioarteko tropelean egin duten lan handia ere nabarmendu beharra dago. Orain, beste aukera bat daukagu, geure errepideak, hiriak eta mendateak betetzeko eta, gure zaleek bakarrik dakiten bezala, tropelari adorea emateko”. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak, Marta Pastorrek, ekitaldi honek gure lurraldearentzat daukan garrantziari eman dio balioa. “Itzulia nazioarteko ospea daukan txirrindularitzako lasterketa da, baina, horrez gain, txirrindularitzaren munduko mapan jartzen gaituen ekitaldia ere bada. Horrez gain, munduko zale onenetakoak ditugunez, txirrindulariek eskerrak ematen dizkiete beti, eta miretsi egiten dituzte”, baieztatu du Álvarezek. “2024ko Itzulia Basque Country aukera paregabea da, munduari Gipuzkoako eta Euskadi osoko aberastasun kulturala eta kirol-aberastasuna erakusteko”. 

Iratxe Gañanek, probako babesle nagusia den TotalEnergies-ekoak, adierazi duenez, konpainiak (argindarra, gasa eta zerbitzuak merkaturatzen dituena) konpromisoa dauka Itzuliarekin, parte hartzen duen hirugarren edizioa delako. Hiruretan, gainera, Team TotalEnergies-ek parte hartu du lasterketan. “Geure jarduera sozialean, geure kirol-zaletasuna dugu ezaugarri bereizgarri. Txirrindularitza gure DNAren osagaia da, eta zenbait lasterketa handirekin lan egiten dugu; esate baterako, Itzuli hau, Donostiako Klasikoa edo Asturiaseko Bira. Ondo moldatzen gara bizikletan, egia esan, eta uste dut euskal zaleekin partekatzen dugun zerbait dela”, ziurtatu du. Alde horretatik, Gañánek azaldu duenez, Euskadi leku estrategikoa da energia anitzeko konpainiarentzat, milioi erditik gora kontratu dituelako erkidegoan, baita bezeroen arretarako bulegoak ere, Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian, esaterako. 

Jose Manuel Echarrik, Echemar garraio-enpresako CEOk, adierazi duenez, “euskal enpresa moduan, uste dugu horrelako kirol-ekitaldietan parte hartu behar dela eta babesa eman behar zaiela, gure lurraldearentzako irudi ona dira-eta. Aldi berean, gure enpresak kamioiak uzten ditu, baina, horrez gain, antolatzaileei ere ematen die babesa. Hemen adierazi dugunez, gure kamioi elektrikoa aitzindaria izango da horrelako kirol-ekitaldi garrantzitsuan”. 

Txapeldunak janzten 

Berriro ere, Gobik izango da Itzuliko irabazleak jantziko dituena. 2024ko edizio honetan, lau diseinu egongo dira: Banco Sabadellek irabazlearentzat babestutako horia, mendikoa (Eusko Label), erregulartasunekoa (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta gazteenarentzat (Euskadi Basque Country). 

Edizio honetan, Gobik-ek 100. urteurrenaren oroigarria den maillota jarriko du salgai, zaleek Itzuliaren historia soinean janzteko aukera izan dezaten. 

Munduko txirrindularitza oneneko sei etapa 

2024ko Itzulia Basque Country apirilaren 1etik 6ra arte egingo da Irundik Eibarrera, eta 6 etapa izango ditu guztira. Lasterketaren 63. edizioak honako udalerri hauek zeharkatuko ditu: Irun, Kanbo, Ezpeleta, Altsasu, Etxarri Aranatz, Legutio, Gasteiz, Amorebieta-Etxano eta Eibar. Bere ibilbidea 833,6 kilometrokoa izango da.  

Aurreikuspenen arabera, apirilaren 1ean, Irungo irteeran, honako txirrindulari hauek egongo dira, besteak beste: Itzuliko indarreko irabazlea den Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma), txapeldun olinpikoa den Richard Carapaz (EF Education – Easypost), Mikel Landa eta Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step), Primoz Roglic (Bora-Hansgrohe), Nairo Quintana (Movistar Team), David Gaudu (Groupama-FDF), Adam Yates eta Juan Ayuso (UAE Team Emirates), Thomas Pidcock eta Carlos Rodríguez (Ineos Grenadiers), Ion eta Gorka Izagirre (Cofidis),  Peio Bilbao (Bahrain Victorious), David Gaudu (Groupama-FDJ) eta Simon Yates (Team Jayco Alula). 

Itzulia Basque Challenge  

Iazko arrakastaren ondoren, Itzuliko martxa zikloturistaren bigarren edizioa ere badator, eta apirilaren 7an egingo da. Parte-hartzaileek World Tour proba baten antzeko esperientzia bizi ahal izango dute berriro. Bi ibilbide egongo dira, eta lehenengoa profesionalek Itzuliko etapa nagusian egingo duten berbera izango da. Ibilbide horren luzera 137,8 kilometrokoa izango da, eta 3.600 metrotik gorako aldea edukiko du. 7 mendate puntuagarrik probapean jarriko dituzte zikloturistak oso gogorra den ibilbide honetan. Bigarrena, iraupen erdikoa, ordea, 80,6 kilometrokoa izango da, 2.100 metroko aldea edukiko du eta 4 mendate igo beharko dira. Haietako bi, gainera, lehen mailakoak izango dira; bat, bigarren mailakoa; eta bestea, hirugarren mailakoa. 

Julian Erasok OCETAko presidentetza utzi duen arren, txirrindularitzarekin lotuta jarraituko du
OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia