David de las Heras artista da Itzulia Basque Country 2025 iragarriko duen kartelaren egilea 

  • David de las Herasek Euskadi Literatura Saria jaso zuen iaz Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian eta, aurreko zazpi urteetan bezala, aurtengo Itzulia Basque Countryren kartela diseinatzea egokitu zaio 
  • Ekimen honen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kartelgintzaren tradizioa berreskuratu nahi du, eta artisten kolektiboari bere lana ezagutarazteko aukera eta gune berriak eskaini 
  • Kartela Bilboko Arte Ederren Museoan gordailutuko da 

Dagoeneko ezagutzen da aurtengo Itzulia Basque Country eta Itzulia Women iragarriko dituen kartela. Itzuliak apirilaren 7tik 12ra eta maiatzaren 16tik 18ra bitartean egingo dira, hurrenez hurren. Duela zazpi urtetik hona, Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatzen du Itzuliaren kartela. Aurten David de las Heras da saritua, eta, horrenbestez, kartelaren egilea. Ilustratzaileak 2024ko Euskadi Literatura saria jaso zuen “Campos de Castilla” obrarekin. 

Bilboko Arte Ederren Museoak Itzuliaren kartelaren aurkezpena egin du gaur eguerdian, eta bertan izan dira Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Javier Riaño OCETA – Organizaciones Ciclistas Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako (Itzulia antolatzen duen organizazioko) presidentea, David de las Heras egilea eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria. Gerra Zibilaren aurretik, euskal artista ezagunek egiten zituzten lasterketa iragartzeko irudiak, eta horietako asko Bilboko Arte Ederren Museoan daude gordeta. 2019an, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Arte Ederren Museoaren eskutik, tradizio hori berreskuratzeko erabakia hartu zuen. Harrezkero, Lan literarioen ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatu du Itzuliaren kartela. Ondoren, lan hori aipatutako museoan gordetzea izan da konpromisoa. 

David de las Herasek azaldu duenez, gizakiaren eta Euskal Herriko paisaiaren arteko harremanari buruzko gogoeta bat islatu du kartelean. “Ni Bartzelonan bizi naiz eta, nire lurraldera itzultzen naizenean, asko nabaritzen dut aldaketa Euskal Herrira iristen ari naizenean. Mendi horiek, paisaia berde horiek, hodei horiek…”, azaldu du. Obra egiteko, olioarekin eta paper gainean lan egin du, gizakiaren aldean naturak duen eskala transmititu nahian. “Ideia hau atsegin nuen: nola gizakiak borrokatu eta aurre egin behar dion naturak ezartzen dion bide zail bati”, adierazi du. 

Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak azaldu duenez: ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzan tradizio bat berreskuratu nahi genuen, hau da, artea eta kirola bezalako bi esparru elkartu, eta gure artistei aukera berriak eskaini beren lana ezagutzera emateko eta normalean iristen ez diren publikoengana iristeko. “Artistak aintzatestea gure lan-ardatzetako bat da, eta uste dugu gaur hemen egotea, Bilboko Arte EderrenMuseoan, proiektu batean hainbat eragile konektatuz, helburu hori lortzeko beste bide bat dela”, adierazi du. 

Lasterketak antolatzen dituen elkartearen aldetik, Javier Riañok bere poza erakutsi nahi izan du lankidetza aberasgarri honekin jarraitzeagatik, arteak eta kirolak bat egiten duten lankidetza honekin. “Sinergia honekin askoz urte gehiago jarraitu ahal izan nahi dugu, eta gure lasterketak irudikatzeko hainbat obra ikusi”, adierazi du. 

Bestalde, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak…Ekimen honi esker, aipatutako museoan Yolanda Mosquera, Asisko Urmeneta, Miren Asiain, Javier Isusi, Maite Mutuberria eta Joseba Larratxeren diseinuak gordailututa daude, Euskadi Literatura Sarietako Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian sarituak, eta horiei David de las Herasena gehituko zaie. 

David de las Heras 

David de las Heras artista plastikoa eta ilustratzailea da. Arte Ederretan lizentziatua UPV/EHUn eta Escola Massana ilustrazio-zikloan graduatua. Bere margolanak Alemania eta Portugal bezalako herrialdeetan izan dira ikusgai. Ilustratzaile gisa zenbait liburu argitaratu ditu, besteak beste, “Martín, de grumete a capitán” eta “Atlas de la España imaginada”. Liburuen azalen diseinuan ere espezializatuta dago, eta nabarmentzekoak dira James Rhodes pianistarentzat egindako lana eta 2015ean “Kalimán” libururako egindako azala. Bere lana egunkarietan, igandekarietan eta gehigarri kulturaletan aurki daiteke. 2024an Euskadi Literatura Saria jaso zuen, Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian, “Campos de Castilla” obragatik. 

Itzulia Basque Country 2025 

Aurtengo Itzulia Basque Country apirilaren 7tik 12ra bitartean egingo da. Aurtengo edizioa Gasteizen hasi eta Eibarren amaituko da. Guztira sei etapa izango ditu: Gasteiz – Baskonia-Alavés; Iruñea – Lodosa; Zarautz – Beasain; Beasain – Markina-Xemein; Urduña – Gernika-Lumo; Eibar – Eibar. Women Itzulia maiatzaren 16tik 18ra bitartean izango da, eta oraindik ez da ofizialki aurkeztu haren ibilbidea. 

2025eko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala 
Itzuliak abesti ofiziala izango du 2025ean
Itzulia Basque Country 2025eko edizioan 24 taldek hartuko dute parte