- EF Education Easyposteko Ben Healyk etapa irabazi du, 56 kilometro falta zirenean ihesalditik bertatik eraso egin ondoren
- Joao Almeida sailkapen nagusiko liderra da oraindik
Itzulia Urduñara iritsi denean, ez zegoen inolako zalantzarik: edizio honetako 5. etapa hastear zegoen. Ibilbidea ez da aurreko bi egunetakoa bezain gogorra izan, baina errepide estuak eta igoera-jaitsiera etengabeak izan dira nagusi, harik eta Gernika-Lumoko helmugara iritsi arte. Oso etapa berezia izan da etaparen zati bat diseinatu duen Pello Bilbaorentzat.
Eguneko lehenengo mendatetik bertatik, erasoak eta eguneko ihesaldia hasi dira. Besteak beste, honako hauexek izan dira iheslariak: Pello Bilbao (TBV, 31), Bruno Armirail (DAT, 61), Ben Healy (EFE, 91), Alex Baudin (EFE, 94), Warren Barguil (TPP, 111) eta Julian Alaphilippe (TUD, 233). Maila handiko ihesaldia izan da.
Lasterketa-buruak 2’45’’-ko gehieneko aldea lortu du UAE Team Emirates-XRG taldearen lidergopean zihoan tropelarekin. Liderraren taldeak une oro kontrolatu du aldea.
Eguneko mendate puntuagarri guztiak igaro ostean, helmugarako 56 kilometro falta zirenean, Ben Healyk (EFE, 91) ihesalditik bertatik egin du eraso, eta ia-ia bi minutuko tartea ireki du atzetik zetorren taldearekin. Txirrindulari irlandarra ziztu bizian abiatu da helmugarantz.
Atzetik, borrokan zebiltzan tropelean, ondo lekuratzeko eta lasterketa-buruarekin zeukaten aldea murrizteko. Hori dela eta, urduritasun handiko lasterketa izan da. Ineos Grenadiers, Cofidis eta UAE Team Emirates-XRG, esaterako, taldetik tiraka ibili dira.
Helmugarako 20 kilometro falta zirenean, tropelak atzetik zetorren taldea harrapatu du. Pello Bilbaok etapa etxean irabazteko zituen aukerak desagertu dira. Lasterketa-buruan, ia-ia bi minutuko abantaila zeukala, Ben Healyk (EFE, 91) nekaezin jarraitzen zuen. Irteeran bertan, ihesaldian egoteko ahalegina egingo zuela adierazi du, hain zuzen ere.
Bazirudien etapa erabakita zegoela, baina atzetik, sailkapen nagusiari begira, borrokan hasi dira. Lehenengo eta behin, Ineos Grenadiers izan da erritmoa biziagotu duena; eta, gero, Movistar Team. Helmuga baino lehenagoko azken igoerako malda latz bezain estuetan, Florien Lipowitzen (RBH, 71) eta Alex Aranbururen (COF, 51) banakako erasoak hasi dira. Maillot horiak ondo erantzun die erasooi. Beti-beti, taldekideak izan ditu babesle. Helmugarako 15 kilometro falta zirenean, Max Schachmann lasterketa-buruko taldea baino atzerago geratu da.
Azkenean, Ben Healy (EFE, 91) etapako irabazlea izan da, eta taldea baino ia-ia bi minutu lehenago iritsi da helmugara. Sailkapen nagusian alderik egon ez denez, den-dena jokatuko da seigarren eta azken etapan.
5. etaparen osteko sailkapenak
Etapako irabazlea: Ben Healy (EFE, 91)
Banakako sailkapen nagusia: Joao Almeida (UAD, 1)
Mendiko sailkapena: Bruno Armirail (DAT, 61)
Puntukako sailkapen nagusia: Joao Almeida (UAD, 1)
Gazte onenaren sailkapen nagusia: Brieuc Rolland (GFC, 126)
Taldekako sailkapen nagusia: XDS Astana
Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Alex Aranburu (COF, 51)
Lehiakorrena: Ben Healy (EFE, 91)