2025eko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala 

  • Itzuliaren 64. edizioko parte-hartzaileak luxuzkoak izango dira 
  • Itzuliko irabazleentzako mailloten diseinu berriak aurkeztu dira 

Gaur, martxoak 26, 2025eko Itzulia Basque Country modu ofizialean aurkeztu da Gasteizko Ondare Centerren. Honako hauexek parte hartu dute ekitaldian: Grupo Baskonia Groupeko arduradunak; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendaria; Juan Ramón Rey, Bizkaiko, Arabako eta Kantabriako eskualdeko zuzendaria; eta Marta Pastor, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendaria, besteak beste. 

Jesús Vázquez Baskonia Alavés Taldeko Erakunde Harremanetarako zuzendaria, aurkezpenean adierazi duenez, “pozaren pozez gaude aurtengo Itzulian parte hartuko dugulako. Lasterketa hasteko irrikaz gaude, baskoniazaleontzat hain leku garrantzitsua den Buesa Arenan nazioarteko txirrindulari onenez gozatu ahal izango dugu-eta. Txirrindularitzaren eta saskibaloiaren arteko batasuna gure zale gehienen adierazgarri da, eta jakin badakigu etapa gogoangarria izango dela bi kiroletako zaleentzat”. 

Javier Riañok, OCETA elkarte antolatzaileko presidente berriak, eskerrik zintzoena eman nahi izan die aurten ere Itzuliari hazten lagundu dioten eragile guztiei, une horretan bertan zeudela kontuan hartuta. Udalak, instituzioak, babesleak, boluntarioak, zaleak eta lasterketaren lagunak ere aipatu ditu, “ematen diguzuen laguntza guztiagatik eskerrak emateko, laguntza hori eduki gabe, lasterketa hau ez litzatekeelako aurrera aterako. Eskerrik asko laguntzen diguzuen, Itzulian sinesten duzuen eta txirrindularitza maite duzuen guztioi”. Era berean, bide batez, “deia egin nahi izan du, enpresa pribatu berriak 3 lasterketetan laguntzen hasi daitezen. Babes moduan ematen duten laguntza nahitaezkoa da, aurrerantzean ere Itzuliak etorkizuna izan dezan”.  

Banco Sabadelleko Juan Ramón Reyk banku-erakundeari buruz esan duenez, “Banco Sabadell orain dela 14 urte hasi zen laguntzen. Harrezkero, gure marka kirol-ekitaldi honekin egon da lotuta, eta benetan identifikatuta gaude berarekin. Banco Sabadellentzat, Itzuliaren parte izatea harrotasuna zein pribilegioa da benetan, lurraldean oso errotuta dagoen kirol-ekitaldiko protagonistak izateko aukera ematen digulako. Aldi berean, ordezkatzen dituen balioak ere partekatzen ditugu; esate baterako, hobekuntza, kidetza eta irmotasuna”. 

Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendariak, Gorka Iturriagak, nabarmendu duenez, Itzulia Basque Country “gure urteko egutegiko nazioarteko txirrindularitzako lasterketa nabariena” da. Lasterketa honek, hain zuzen ere, munduko erakusleihoan jartzen gaitu, gure #EUSKADIGLOBAL estrategiako beste elementu bat da-eta. Itzulia Basque Country gure herrialdeak txirrindularitza bizitzeko daukan modu apartaren erakusgarri da erabat. Estilo berezi bezain paregabea dugu. Gure osagaiak zero kilometrokoak dira, ezagunak eta bakunak, baina kalitate handikoak. Zaleak bikainak dira oso, etengabe hobetzen ari diren antolatzaileak ospe handikoak dira, taldeak ezarpen handikoak dira eta kirol-ekosistema publiko pribatuak goi-mailan ematen ditu fruituak. Aurten ere, ziur hitzordu honek errepideetako bazterretara eramango gaituela AURRERA! oihukatzera, berriro ere gure tropelarekin zein etxeko txirrindulariekin harri eta zur geratuko garela eta berriro ere gure ingurunea maila goreneko nazioarteko txirrindularitzaren erakusleiho onena izango dela. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak, Marta Pastorrek, ekitaldi honek gure lurralderako duen garrantziari eman dio balioa. Gainera, nabarmendu duenez, “Itzulia erakusleihoa da, eta kirolaren, geure kulturaren zein geure paisaien inguruan daukagun grinaren berri ematen dio munduari. Gipuzkoak lotura historikoa du txirrindularitzarekin, eta honelako ekitaldiek kirolaren nahiz zenbait balioren sustapenarekin dugun konpromisoa indartzen dute; esate baterako, esfortzua, hobekuntza eta talde-lana. Aldundian, behar besteko ekimenen alde egiten jarraitzen dugu, kirola bera herritarrengana hurbiltzeko eta txirrindularitzak gure lurraldean daukan eragin ona indartzeko”. 

 
Ibon Barberiak, Echemar Garraioetako Komunikazioko zuzendariak, esan duenez, “euskal enpresa moduan, jakin badakigu gure lurraldean daukan eragin soziala oso funtsezkoa dela gaur egungo gizartearentzat nahiz gazteenei utziko diegun adibideari begira. Beraz, bertan parte hartu eta horrelako kirol-ekitaldiak sustatu behar dira, munduko mapan jartzen gaituzte-eta. Aldi berean, gure kamioiak ez ezik, irudia eta antolatzaileentzako laguntza ere eskaintzen ditu gure enpresak”. 

Txapeldunak janzten 

Gobikek Itzuliko sailkapen nagusiko liderrak jantziko ditu berriro. 2025eko edizio honetan, lau diseinu egongo dira berriro: Banco Sabadellen babespeko horia, irabazlearentzat; mendikoa (Basotik Fundazioa); erregulartasunekoa (Gipuzkoako Foru Aldundia); eta gazteenarentzat (Euskadi Basque Country). 

Edizio honetan, Gobikek Itzuliaren irudia daraman maillot berezia jarriko du salgai, irteera guztietan zaleek Itzulia eramateko aukera izan dezaten.  

Munduko txirrindularitza onenaren sei etapa 

2025eko Itzulia Basque Country apirilaren 7tik 12ra arte garatuko da Gasteiz eta Eibar artean, eta sei etapa izango ditu guztira. Lasterketaren 64. edizioak honako udalerriak zeharkatuko ditu 864,70 kilometroko ibilbidean: Gasteiz, Iruña, Lodosa, Zarautz, Beasain, Markina-Xemein, Urduña, Gernika-Lumo eta Eibar.  

Aurreikuspenen arabera, apirilaren 6an, honako txirrindulari hauek egongo dira Buesa Arenako irteeran: Sepp Kuss (Jumbo-Visma); Ben Healy (EF Education – Easypost); Maximiliam Schachmann eta Ilan Van Wilder (Soudal Quick-Step); Florian Lipowitz, Daniel Felipe Martinez eta Aleksandr Vlasov (Red Bull-Bora-Hansgrohe); Enric Mas, Pablo Castrillo eta Javier Romo (Movistar Team); Joao Almeida, Igor Arrieta, Isaac del Toro eta Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates); Omar Fraile eta Michal Kwiatkowski (Ineos Grenadiers); Alex Aranburu eta Ion Izagirre (Cofidis); Peio Bilbao eta Santiago Buitrago (Bahrain Victorious); eta Marc Hirschi (Tudor Pro Cycling Team), besteak beste. 

Itzulia Basque Challenge  

Bi urteko arrakasta eta harrera handiaren ostean, Itzuliko zikloturisten martxaren hirugarren edizioa iritsiko da aurten, eta apirilaren 13an egingo da. Parte-hartzaileek World Tour proba baten antzekoa den esperientzia bizitzeko aukera izango dute berriro. Aurten ere, bi ibilbide egongo dira aukeran. Lehenengoa Itzuliko etapa nagusian profesionalek egingo duten berbera izango da. Ibilbide horrek, hain zuzen ere, 153,4 kilometroko luzera edukiko du, eta aldea 3.800 metrotik gorakoa izango da. Hain latza den ibilbide horretako 7 mendate puntuagarriak erronka handia izango dira zikloturistentzat. Bigarrenak, iraupen ertainekoak, 82,2 kilometro edukiko ditu, eta aldea 2.100 metrokoa izango da. Zikloturistek 4 mendate igo beharko dituzte, eta, haietatik, bi lehen mailakoak izango dira; eta beste bi, hirugarren mailakoak.

David de las Heras artista da Itzulia Basque Country 2025 iragarriko duen kartelaren egilea 
Itzuliak abesti ofiziala izango du 2025ean
Itzulia Basque Country 2025eko edizioan 24 taldek hartuko dute parte