Jonas Vingegaardek bere lehen txapela eta 2023ko Itzuliako etapa nagusia irabazi ditu

  • Jonas Vingegaardek 2023ko Itzuliako txapela irabazi du.
  • Bere ondoan, podiumean Mikel Landa, bigarren, eta Ion Izagirre, hirugarren, egon dira.

Etapa nagusia heldu da, 2023ko Itzulia erabaki behar zuten 137,8 kilometroak. Dena zegoen jokoan, giroan antzeman zitekeen bezala. Txirrindulariak kontzentratuta, animatuta eta etapa hasteko gogoekin.

Aurretik, zazpi mendate puntuagarri. Etapa lasai hasi da eta lehen metroetan ihesaldi-saiaketa epel batzuk egon dira. Horrela, eguneko ihesaldia 20. kilometroan sortu da, honako 12 txirrindulari hauekin: Daniel Martinez (IGD, 1), Valentin Paret-Peintre (ACT, 16), Emanuel Buchmann (BOH, 51), Harm Vanhoucke (DSM, 76), Esteban Chaves (EFE, 84), Bruno Armirail (GFC, 92), Rein Taaramäe (ICW, 106), Edward Dunbar (JAY, 113), Ruben Guerreiro (MOV, 122), Steven Kruijswijk (TJV, 164), Attila Valter (TJV, 167) eta Marc Hirschi (UAD, 172). Jumbo Visma taldeak lana ondo egin eta ihesaldian bi gizon sartu ditu, etaparen amaieran liderrari laguntzeko asmoarekin.

Ihesaldian gizonik sartu ez duen Bahrain Victorious taldea tartea murrizten ahalegindu da bi minutuko abantaila lortu duen ihesaldiarekin.

Krabelin mendateak Esteban Chaves (EFE, 84), Ruben Guerreiro (MOV, 122), Steven Kruijswijk (TJV, 164) eta Attila Valter (TJV, 167) utzi ditu lasterketaren buruan. Atzetik, Bahrain taldeak zuzendutako tropelak oraindik gizon ugari mantendu ditu. Markina-Xemeinetik igarotzean, Mauro Schmidek (SOQ, 135) eta Igor Arrietak (EKP, 203) tropeletik ihes egin dute. Soudal-Quickstep taldeko txirrindularia ihesaldian sartu da 42 kilometroren faltan. Igor Arrieta, berriz, tropelera bueltatu da 34 kilometro falta zirenean. Orduan, Mauro Schmidek lasterketa-burua hartu eta abantaila txiki batekin ekin dio Izua mendatearen igoerari.

Groupama-FDJ taldea izan da tropela mendate horretan zuzendu duena. Lasterketa-buruak minutu 1eko abantaila zeukan. Igoera horretan, Ion Izagirrek (COF, 61) erasoa jo du, baina lasterketako liderrak berehala harrapatu du. Attila Valter Vingegaarden zain geratu da igoeran laguntzeko, eta haren gurpilean Enric Mas (MOV, 121) joan da. Txirrindulari hungariarra ez da laguntza handikoa izan eta, berehala, taldeak ihesaldian zeraman beste txirrindularia, Steven Kruijswijk, liderraren zain geratu eta erritmo bizian eraman du mendatearen igoeran. Atzetik Ion Izagirre, Sergio Higuita eta beste faborito batzuk zebiltzan. Izua igotzen bukatzeko bi kilometroren faltan, Jonas Vingegaard bakarrik geratu da Ruben Guerreiro eta Enric Masekin. Movistar taldeko txirrindulari mallorcarraren ahultasuna ikusita, Jumbo Visma taldeko daniarrak erritmoa handitu du atzera begiratu gabe.

Orduan, liderrak ihesaldia harrapatu eta helmugarantz abiatu da. Atzean, Enric Mas, Mikel Landa, Ion Izagirre eta Sergio Higuitaren taldea tarteak murrizten ahalegindu da, baina ez du lortu. Izuan, liderrak 40 segundoko abantaila zeukan.

Hark aurtengo Itzuliako onena dela erakutsi du gaur ere, eta bigarren taldearekiko abantaila minutu 1era handitu du. Bigarren talde horretan zetozen 13 txirrindularien artean podiumaren beste bi lekuak lortzeko lehiatu dira.

Jonas Vingegaard Itzulia Basque Country irabazi duen lehen daniarra da. Jumbo Visma taldeko txirrindulariak primeran aprobetxatu du bere taldekideen lana, eta, gainera, indartsuena izan da edizio honetako etapa erabakigarrietan.

Sailkapenak 6. etaparen ostean

Etapa irabazlea: Jonas Vingegaard (TJV, 161)

Banakako sailkapen nagusia: Jonas Vingegaard (TJV, 161)

Mendiko sailkapena: Jon Barrenetxea (CJR, 194)

Puntukako sailkapen nagusia: Jonas Vingegaard (TJV, 161)

Gazte onenaren sailkapen nagusia: Brandon Mcnulty (UAD, 171)

Taldekako sailkapen nagusia: SOUDAL QUICK-STEP

Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Mikel Landa (TBV, 141)

Saiatuena: Esteban Chaves (EFE, 84)

Julian Erasok OCETAko presidentetza utzi duen arren, txirrindularitzarekin lotuta jarraituko du
OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia