Carlos Rodríguezek irabazi du Itzuliaren bosgarren etapa, Zamudio eta Mallabia artean, eta, hala, World Tour proba bateko lehen garaipena eskuratu du. Sailkapen orokorrean aldaketak egon arren distantziak oso txikiak dira, eta txapela azken etapan jokatu beharko dute faboritoek.
Itzulia 2022 lasterketaren azken-aurreko etapa oso azkar eta eguneko ihesaldia finkatzeko zailtasunekin hasi da. Hainbat saiakera egin eta gero, ihesa ez da etaparen 62,5 kilometrora arte iritsi, eta taldean ziren Sepp Kuss (4, TJV), Marc Soler (27, UAD), Sergio Samitier (57, MOV), Carlos Rodriguez (64, IGD), Lucas Hamilton (91, BEX) eta Kenny Elissonde (184, TFS). Bedaroako mendatean lau kide baino ez dira geratu ihesean. Sergio Samitierrek eta Sepp Kussek zenbait segundo eman dituzte.
Jaitsieran eguneko unerik kezkagarrienetako bat bizi izan da; izan ere, Lucas Hamiltonek istripu zalapartatsua izan du, mendiko hegaletik behera amildu baita. Txirrindularia sastraka batzuen gainean erori da, eta bizikleta metro batzuk beherago. Horren ondorioz, Team BikeExchange taldeko txirrindulari australiarrak lasterketa utzi du.
Ihesaldiko indartsuenak Trabakuan definitu dira, eta soilik Carlos Rodriguez (64, IGD) eta Marc Soler (27, UAD) geratu dira. Espainiar bikoteak 4 minutuko tartea ere lortu du, baina soilik Marc Solerrek tiratu du ihesalditik.
Atzetik, Quick-Step Vinyl Alpha, Jumbo-Visma, Bora-Hansgrohe eta Barhain Victorious tropelari tiraka ibili dira, ihes egindakoei tarte handiegia ez uzteko. 35 kilometro falta zirenean Kenny Elissonde eta Sergio Samitier neutralizatu dituzte. Remco Evenepoelek ikuskizun bikaina eman du berriz ere, helmugatik 14 kilometrora eraso egin baitu, Karabietara igotzeko tartea hasi aurretik. Bidelagun izan ditu Vlasov, Daniel Felipe Martinez, Ion Izagirre, Pello Bilbao, Vingegaard eta Enric Mas. Justu une horretan Carlos Rodríguezek ihesaldiko erritmoa aldatu du, eta erraz utzi du Marc Soler atzean. Talde bakoitzaren arteko aldea 38 segundo ingurukoa izan da. Tropelean, Roglic ez da aldea ixten saiatu, eta gainerako faboritoei egiten utzi die.
Hortaz, sailkapen orokorra lehertu egin da, eta Itzuliko lider berria Remco Evenepoel da orain. Faboritoen arteko aldea 30 segundo ingurukoa da, eta Roglicek 8. postua du orain, liderrarekiko 1’05 segundora. Sailkapenetako liderrak honako hauek dira:
- Banakakoa: Remco Evenepoel (44, QST)
- Mendia: Cristian Rodríguez (106, TEN)
- Puntuak: Julian Alaphilippe (41, QST)
- Gaztea: Remco Evenepoel (44, QST)
- Taldekakoa: Ineos-Grenadiers
- Euskaldunik onena: Ion Izagirre (71, COF)
- Saiatuenaren saria (bosgarren etapa): Marc Soler (27, UAD)