Urte batez huts egin ondoren, Arabako hiriburuak nazioarteko tropela hartuko du berriro datorren edizioko etapa baten irteeran.
Itzulia Basque Country Vitoria-Gasteizera itzuliko da 2027an. 2026an ibilbidean egon ez arren, Arabako hiriburuak lasterketan duen tokia berreskuratu eta apirilaren 5etik 10era egingo diren sei etapetako baten irteera hartuko du.
Hiriburura itzulita, Itzuliak ohiko egoitza bat berreskuratuko du. Itzuliaren historian, Vitoria-Gasteizek lehiaketa-egun asko hartu ditu, tropelarentzat ohiko geralekua izan da eta ibilbidearen barruko erreferentziako puntu bat.
Arabako hiriburuak etapa baten aurreko orduetako giroa biziko du berriro: taldeen autobusak iristea, txirrindularien azken prestaketak, zaleen hurbiltasuna eta lehiaketa-egun bat martxan jartzea. Hiriak aukera izango du Itzuliarekin duen loturaren irudi ikusgarrienetakoa berreskuratzeko.
“Vitoria-Gasteiz Itzuliaren 2027ko ibilbide-liburura itzuliko da, nazioarteko lasterketa handi horretako etapa baten irteera hartuko baitu. Itzulia Euskadin sustrai sakonak dituen proba da, gure kirol-kulturaren osagai da, eta kanpora begira Vitoria-Gasteiz bizi, ireki eta kirolarekin konprometituaren irudia proiektatzeko aukera ematen digu. Nazioarteko tropeleko txirrindularirik onenak hartzea goi-mailako txirrindularitzaren zaleentzat aukera bat da gure historia osatzen duen hitzordu batez gozatzeko, Vitoria-Gasteizek lotura berezia baitu lasterketarekin. Oso pozik gaude Itzuliari ongietorria emango diogulako eta, berriro ere, lehiaketa handi horri hazten lagunduko diogulako eta txirrindularitza herritarrengana hurbilduko dugulako”, adierazi du Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak.
Baieztapen honekin, Vitoria-Gasteiz berriro ere sartu da Itzuliaren mapan, edizio batean huts egin ondoren. Modu horretan, hiriak berreskuratu egingo du zaleek ondo ezagutzen duten hitzordua, eta lehiaketaren oraintsuko historian ohikoa izan den agertoki bihurtuko da berriro.
Mementoz, antolaketak ez ditu iragarri Arabako hiriburutik abiatuko den etaparen xehetasunak. Ibilbidea eta gainerako kirol-informazioa Itzulia Basque Country 2027ko ibilbide osoarekin batera aurkeztuko dira.