2026ko Itzulia Basque Countryko ibilbide ofiziala aurkeztu da

Lasterketa apirilaren 6tik 11ra egingo da sei etapatan, eta Bilbon hasi eta Bergaran amaituko da

Gaur, Eibarren aurkeztu da 2026ko Itzulia Basque Countryko ibilbide ofiziala, eta, berriro ere, edizio honek gogortasuna zein erregulartasuna izango ditu ezaugarri bereizgarri. Ekitaldian, Eibarko Kiroletako zinegotziak, Andoni Ameztoyk, eta OCETAko presidenteak, Javier Riañok, parte hartu dute, eta prentsaurrekoa lasterketaren xehetasun guztiak aipatzeko aukera paregabea izan da. 

2026ko edizioa apirilaren 6tik 11ra egingo da, sei etapa izango ditu, 809,6 kilometro edukiko ditu guztira, metatutako malda 16.154 metrotik gorakoa izango da eta honelaxe banatutako 29 mendate puntuagarri egongo dira: lehenengo mailako 4, bigarren mailako 7 eta hirugarren mailako 18. Ibilbidea txirrindulari osoentzat dago diseinatuta, trantsizioko etapa argirik gabe, eta mendia bera elementu iraunkorra izango da. 

1. etapa | Bilbo – Bilbo (13,9 km) 

Erlojupeko laburra 

Banakako erlojupeko laburrak Itzuliari emango dio hasiera, eta oso egokia izango da lehenengo aldeak zehazteko. 2021ean pandemiagatik ikus-entzulerik gabe egin behar izan zen erlojupekoa berreskuratuko da. 13,9 kilometro baino izango ez dituenez, ez da tarte handirik sortuko, baina lehenengo ordena ezarriko da sailkapen nagusian. 

Adituek eta txirrindulari ahaltsuek liderraren maillota jantzi ahal izango dute, eta eskalatzaileak galerak mugatzen ahaleginduko dira. Ez da erabakigarria izango, baina lehenengo egunetako estrategia baldintzatuko du. 

2. etapa | Iruñea – Mendukilo Kobazuloak (164,1 km) 

Mendi ertain gogorra 

Bigarren egunean, txirrindulariak bete-betean sartuko dira Itzuliko ibilbide-tarte klasikoan. Izan ere, 3.300 metrotik gorako malda metagarria dauka, luzea bezain iraunkorra da eta, amaiera txundigarria ez bada ere, ezin nekagarriagoa izango da. 

Oso egun aproposa izan daiteke, ondo antolatutako ihesaldiak egiteko edo sailkapen nagusiko taldeak lasterketa tenkatzen hasteko. Faboritoak adi-adi egon beharko dira, seguruenik une horretan behin betiko erasoaren bila ez badabiltza ere. 

3. etapa | Basauri – Basauri (152,8 km) 

Jardunaldi urduri eta metagarria 

Etapa hau kilometro-kopuru ertainekoa izango da, baina ia-ia 2.900 metroko malda edukiko du. Ibilbidea zirkularra denean, erritmo bizia sortzen da hasieratik, eta atsedenaldirako asti gutxi egongo da. 

Beraz, eraso urrunak agertu ahal izango dira, sailkapen nagusia estu-estu badago. Ez da oso etapa erabakigarria izango, baina arriskutsua izango da txarto lekuratuta dauden txirrindularientzat edo ozta-ozta dabiltzan taldeak dauzkatenentzat. 

4. etapa | Galdakao – Galdakao (167,2 km) 

Mugimendu taktikoetarako ibilbide-tartea 

Etapa honek 3.200 metrotik gorako malda edukiko duenez, txirrindulariek erregulartasuna erakutsi eta ondo baino hobeto irakurri beharko dute lasterketa. Amaiera zehatzik nabarmentzen ez denez, erasoak gertatu ahal izango dira bitarteko kotetan. 

Ondo lekuratutako zenbait txirrindulari dauzkaten taldeek euren kartak jokatu ahal izango dituzte. Metatutako nekea igartzen hasiko da, eta tropelaren hautespen naturala agerikoa izango da. 

 5. etapa | Eibar – Eibar (176,2 km) 

Etapa erregina 

Edizioko jardunaldi gogorrena izango da. 176,2 kilometro izango dituela, malda positiboa 3.841 metrokoa izango dela eta Eibarko ohiko ibilbidea egingo dutela kontuan hartuta, sailkapen nagusirako egun handia izango da. 

Aurreikuspenen arabera, faborito nagusien arteko eraso zuzenak sortuko dira. Gainera, egun paregabea izango da, alde argiak lortzeko eta, seguruenik, azken emaitzaren zati handiena erabakitzeko. 

6. etapa | Goizper-Antzuola- Bergara (135,2 km) 

Amaiera gogorra sailkapen nagusia ixteko 

Azken etapa ez da arrunta izango. Laburragoa bada ere, ia-ia 3.000 metroko malda edukiko duenez, nahikoa izango da tentsioari amaierara arte eutsi ahal izateko. 

Sailkapen nagusia estua bada, etengabe kontrolatu beharko dituzte aurkariak. Era berean, urrunetik azken saialdia egiteko aukera ere edukiko dute. 

Diseinu horren bidez, 2026ko Itzulia Basque Country egun errazik gabeko lasterketa izango da, eta, bertan, erregulartasuna, erresistentzia eta lasterketa irakurtzeko gaitasuna funtsezkoak izango dira azken garaipena lortzeko. 

OCETAk etapa berriari emango dio hasiera Itzulia Basque Countryn, Banco Sabadellen 14 urteko babesaren ondoren
2026ko Itzuliko etapa bat Basaurin hasi eta amaituko da
2026ko Itzuliko etapa bat Galdakaon hasi eta amaituko da
12 de abril de 2026

Inscríbete a la Itzulia Basque Challenge

Dos recorridos // Siéntete como un profesional. 

¡Acreditación para la última etapa incluida!