- Joao Almeidak Itzuliko laugarren etapa irabazi du Markina-Xemeingo helmugan
- Joao Almeida sailkapen nagusiko lider berria da
Itzuliaren erdialdera iritsi gara. Laugarren etapa hau Beasainen hasi eta Markina-Xemeinen amaitu da, eta 7 mendate puntuagarri izan ditu gaurkoan. Egunaren hasieran, giro handia egon da Beasainen, azkenean Alex Aranbururi 3. etapako garaipena itzuli diotelako, besteak beste. Cofidiseko txirrindulariak Itzuliko 3. etapako irabazlearen aitortza zein garaikurra jaso ditu sinaduren kontrolean, zaleen txaloaldipean.
Lehenengo kilometroetan, ihesari ekiteko erasoak etengabeak izan dira tropelean. Thibault Guernalec (ARK, 45), Juri Hollmann (ADC, 153), Mauro Schmid (JAY, 177) eta Julian Alaphilippe (TUD, 233) txirrindulariek 25 segundoko aldea atera diote tropelari, baina Asentziorako igoeran neutralizatu dituzte.
Hurrengo mendatean, Muniketaganen, hain zuzen ere, eguneko ihesaldia eratu da, eta 11 txirrindularik parte hartu dute bertan: Marc Soler (UAD, 7), Andrea Bagioli (LTK, 21), Quinn Simmons (LTK, 26), Léo Bisiaux (DAT, 63), Finn Fisher-Black (RBH, 75), Ben Healy (EFE, 91), Alex Baudin (EFE, 94), Txomin Juaristi (EUS, 135), Mauro Schmid (JAY, 177), Ander Okamika (BBH, 181) eta Sepp Kuss (TVL, 202). Bat bera ere ez zen arriskutsua sailkapen nagusiari begira.
Tropela Bahrain Victorious taldearen lidergopean joan da, eta iheslariekiko aldea eduki du kontrolpean. Lasterketa-buruan zeudenen gehieneko aldea ia-ia bi minutukoa izan da.
20 kilometro baino ez ziren falta, Cofidis taldea tropelean bertan tiraka hasi denean. Bazirudien Alex Aranburuk berriro irabazi nahi zuela etapa. Iheslariekin zegoen aldea jaitsi egin da, talde guztiek erritmoa areagotu dutelako eguneko azken igoeran ondo lekuratuta sartu ahal izateko. Aldapa gogor-gogorrak eta estuak zituzten aurretik.
Igotzen hasteko bi kilometro falta zirenean, iheslariak neutralizatu dituzte. Faboritoak azken mendateko sarrera lortzeko lehiatu dira. %20ko maldak hasi direnean, Bahrain Victorious taldeak erritmoa biziagotu du. Une horretan, inork ez zekien zer asmo zuten sailkapen nagusiko faboritoek. Santiago Buitrago (TBV, 32) bere erritmora joan da lasterka, eta metro batzuetako aldea lortu du. Guztiak banan-banako ilaran joan dira, eta Schachmannek taldea ixten zuen. Joao Almeidak erronka bota nahi izan dionez, taldearen erritmoa areagotu du. Igoeraren erdialdean, etenak sortu dira faboritoen artean. Almeida bera lasterketako lider birtuala zen. UAE Emirates – XRG taldeko txirrindulari portugaldarrak atzerantz begiratu du gainerako lehiakideei ateratzen zien aldearen erreferentziaren bila.
Atze-atzean, Alex Aranburu (COF, 51), Florien Lipowitz (RBH, 71) eta Clemment Champussin (XAT, 221) txirrindulariek osatutako hirukotea zeukan. Igoera amaitu baino lehen, 7 txirrindulariko beste talde bat sartu da, eta Enric Mas (MOV, 81) zegoen haien artean.
Joao Almeidak aldeari eutsi dio jaitsieran, eta etapako garaipena lortu du, baita maillot horia ere. Atzetik, 28 segundora, bere taldekidea den Isaac del Toro eta Max Schachmann sartu dira.
4. etaparen osteko sailkapenak
Etapako irabazlea: Joao Almeida (UAD, 1)
Banakako sailkapen nagusia: Joao Almeida (UAD, 1)
Mendiko sailkapena: Marc Soler (UAD, 7)
Puntukako sailkapen nagusia: Joao Almeida (UAD, 1)
Gazte onenaren sailkapen nagusia: Brieuc Rolland (GFC, 126)
Taldekako sailkapen nagusia: XDS Astana
Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Alex Aranburu (COF, 51)
Lehiakorrena: Marc Soler (UAD, 7)