Maite Mutuberriak diseinatutako kartelak iragarriko du Itzuliaren 62. edizioa

  • Literatura Lanen Ilustrazio kategorian Euskadi Literatura Saria jaso zuen Mutuberriak 2022an eta aurreko lau urteetan bezala berari egokitu zaio Itzuliako aurtengo kartela diseinatzea

Arte Ederren Bilboko Museoan aurkeztu da gaur Itzuliaren 62. Edizioa iragarriko duen kartela. Azken lau edizioetan egin den bezala lan literarioen ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatu du Itzuliaren kartela. Aurten Maite Mutuberriaren lanak iragarriko du txirrindularitza lasterketa. Mutuberriak “Irrimola” lanarekin irabazi zuen Euskadi Literatura saria.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, Julian Eraso Itzuliaren antolatzaile den OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidenteak, Maite Mutuberria egileak eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak parte hartu dute Itzuliaren aurtengo kartelaren aurkezpenean. Itzulia Basque Country-ren 62. edizioa apirilaren 3tik 8ra egingo da. Vitoria-Gasteizen izango du irteera eta sei etaparen ondoren Eibarren bukatuko da.

Maite Mutuberriak berak azaldu du kartelaren sormen prozesua: “bueltatu, biratu, irauli. Lehen begi-kolpean, itzuli hitzaren adiera nabarienak irudikatzen ditu kartelak. Aldi berean, txirrindulariek lasterketan egiten duten ahalegin itzela islatu nahi izan dut. Sisiforen harkaitza bailitzan, txirrindulariek bizikleta gailurrera bultzatzen dute, berriz ere haranera jaisteko, itzulinguru etengabe batean”. Diseinuari dagokionez, Itzuliak berezko dituen koloreak erabili ditu “ohiko berde, gorri eta zuriak biziagotuz, lasterketa egunetan gure inguruetan bizi den giro alaia iradokitzeko. Kolore hauei gainera, maillotaren hori deigarria gehitu diet”. Maite Mutuberriak azaldu duenez “lana burutzeko XX. mende hasieran murgildu naiz, Itzuliaren sorreraren garaian. Orduko euskal margolarien lanak arretaz eta plazerrez begiratu ditut, tradizioa irudikatzeko zuten modu, tonu eta forma estilizatuetatik zerbait ikasi nahian”.

Zupiria sailburuak azaldu duenez “Gerra Zibila baino lehenago goi-mailako euskal artistak arduratzen ziren Itzuliaren kartelak egiteaz eta 2019an ohitura hori berreskuratzea erabaki genuen.  Euskal sortzaileei beren lana erakusteko aukera berriak eta ohikoa ez den publiko zabal batengana heltzeko aukera eskaintzen die ekimen honek”. 2019tik Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek eta Javier de Isusik diseinatu dituzte Itzuliako kartelak. Denak daude Arte Ederren BIlboko Museoan gordeta.

Aurkezpenean, museoko zuzendari Miguel Zugazak adierazi du “diseinu grafikoa eta ilustrazioa museoan adierazten direla, azken aldian izugarri aberastu den kartel-bilduma garrantzitsu baten bidez. Hori dela eta, pozten gara Itzuliaren kartelaren aurkezpen markoa izateaz eta, jakina, bilduman jatorrizko diseinua sartzeaz, aurten Maite Mutuberriaren lan bikaina. Horrek guztiak eragiten du, hain zuzen ere, publikoari adierazpen sortzaileak eskaintzeko grina hori, arlo artistikoaren ikuspegi zabalagoa ematen dutenak eta beren balioa egunerokotasunarekin lotutako esparruetara zabaltzen dutenak, eta, kasu honetan, kirolik herrikoi eta heroikoenetako batera”.

Bestalde, Julian Eraso OCETA elkarte antolatzaileko presidenteak esan duenez “aurten ere Itzulia kirol arlotik haratago doa eta gai kultural eta artistiko batengatik albiste da. Urte batzuk daramatzagu lankidetza honekin eta ezin gara gusturago egon. Itzulia ez da txirrindularitza lasterketa bat bakarrik, gure lurraldearen erakusleiho turistiko bat ere bada, eta honelako ekintzekin, erakusleiho kultural bat ere bai”.

Maite Mutuberria

Aurtengo Itzulia Basque Country 2023 lasterketako kartelaren egilea, Maite Mutuberria, Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatua da eta Ilustrazioan goi-mailako teknikaria. Hogeita hamar liburu baino gehiago ilustratu ditu, besteak beste, “Barruko hotsak”, “Joemak eta polasak”, “Lilo” eta “Xomorropoemak”. “Lohia” eleberri grafikoaren egilea da baita ere. Kirico, Lazarillo, Peru Abarka eta Etxepare sariak jaso ditu eta bere lana 2022ko Katalogo Iberoamerikarrean aukeratu dute. Iaz Literatur Lanaren Ilustrazioa Modalitateko Euskadi Literatura saria jaso zuen “Irrimola” lanagatik.

Julian Erasok OCETAko presidentetza utzi duen arren, txirrindularitzarekin lotuta jarraituko du
OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia