- Buesa Arenan hasiko da banakako erlojupekoarekin
- Urduñatik abiatuko da lehenengo aldiz eta Gernikara itzuliko da 26 urte beranduago
- Itzulia Basque Country lasterketaren 64. edizioak 870,20 km izango ditu
Gaur, otsailak 13, iragarri da 2025eko Itzuliaren ibilbide ofiziala, komunikabideen aurreko aurkezpen batean. Ekitaldia Buesa Arenako prentsa aretoan antolatu da, hots, lehenengo etaparen irteera eta helmuga izango den tokian. 64. edizioa banakako erlojupeko batekin hasiko da, Gasteiz inguruan. Lehiaketak, iraungo duen 6 egunetan, lurraldearen zati handi bat bisitatuko du, zenbait udalerriren kasuan, lehenengo aldiz.
OCETAk aurkeztu du, Roberto Polancok, Baskonia-Alavés Taldeko marketin zuzendariarekin batera, apirilaren 7tik 12ra garatuko den 2025eko Itzuliaren 870,20 km-ko ibilbidea. Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatuko ditu ibilbideak, eta berriz ere Gipuzkoa, ordena horretan, Eibarko erdigunean amaitu aurretik.
Roberto Polancok, Baskonia-Alavés Taldeko marketin zuzendariak, honako hau esan du aurkezpenean: “ohorea da Baskonia-Alavés Taldearentzat Itzulia bezalako txapelketa bikain baten parte izatea, gure lurraldearen pasioa eta arima islatzen dituena. Oso pozik gaude txirrindularitzari laguntzeagatik, ahaleginaren, talde lanaren eta mugak gainditzearen balioak partekatzen baititugu kirol horrekin. Edizio hau oso arrakastatsua izatea eta guztiok lasterketa ikusgarri batez gozatzea espero dugu.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “oso ibilbide irekia da eta baliteke lasterketa azken egunera arte erabakita ez egotea. Zenbait etapa tranpa daude; beraz, faboritoak erne ibili beharko dira eta euren onena eman beharko dute”. “Oso pozik gaude BKNDA Group bezalako bazkide bat izateagatik edizio honi hasiera emateko. Gero eta gehiago dira Itzuliarekin lotura izan nahi duten enpresak, eta hori oso gauza ona da txirrindularitzarentzat”. Parte hartzeari dagokionez, “goiz da hitz egiteko, oraindik ez baitugu buletinik jaso, baina ziur gaude, etortzen direnak etortzen direla, ikuskizun bikaina izango dugula, lasterketa honetan ohikoa den moduan”.
Aurtengo edizioan, 27 mendate puntuagarri egongo dira: 1. kategoriako 4, 2. kategoriako 2 eta 3. kategoriako 21. Helmugako hobariak izango dira (10”, 6”, 4”) eta baita tarteko esprintetan ere (3”, 2”, 1”).
Etapa bakoitzaren azalpena
1. Etapa BUESA-ARENA / GASTEIZ 18,70 km (ITT)
2025eko Itzulia banakako erlojupeko batekin hasiko da, azken edizioan bezala. 18,70 km-ko etapa hau Gasteizko Buesa-Arena estadiotik irten eta bertan amaituko da. Etaparen lehenengo erdiak zenbait malda ditu, eta alde txikiak nabaritu daitezke hor. Arzubiaga herrirako igoera puntuagarria izango da, eta hor erabakiko da mendiko maillotaren lehenengo eramailea. Lubinaoko udalerritik aurrera, erliebea aldekoa izango da; beraz, zatirik azkarrena eta espezialistentzat egokiena izango da.
Etapa honetan ez da alde nabarmenik espero faboritoen artean, baina 2025eko Itzuliaren lehenengo liderra erabakitzeko balioko du.
2. Etapa IRUÑA / LODOSA 199,60 km
Edizio honetako etaparik luzeena izango da, 200 km ingururekin. Etapa osoa Nafarroa barruan garatuko da, Iruñetik Lodosara. Etapan zehar, etengabeko igoerak eta jaitsierak izango dira, baina hirugarren kategoriako mendate puntuagarri bakarrarekin. Ezusteko ihesaldirik izan ezean, etapa esprintean erabakitzea gerta liteke.
3. Etapa ZARAUTZ / BEASAIN 156,30 km
Etapa erregina izan liteke, 6. etaparekin batera. Nahiko arrazoizko bi etaparen ondoren, oso jardunaldi gogorra izango da. Ibilbidea ez da oso luzea, baina 7 mendate ditu, etengabeko igoera eta jaitsierekin. Ez dira mendate bereziki latzak, horietako bost 3. kategoriakoak baitira, baina, azken kilometroetarako, astun egingo dira txirrindularien zangoetan ziur.
4. Etapa BEASAIN / MARKINA-XEMEIN 169,60 km
Atseden hartzeko denborarik gabe Bizkaira iritsiko gara, 3 etaparen ondoren. Berriz ere, txirrindulariek 7 mendateri egin beharko diete aurre, haien artean Izuakoa, 1. kategoriakoa. Igoera horretan erabakiko da, zalantzarik gabe, etaparen garailea, eta sailkapen orokorrean ere distantziak nabarituko dira. Igoera ez da errepide orokorretik edo Krabelinetik Arraterako igoeratik egingo; aldiz, Matsaria industriagunetik joango da, baserri artean doan eta % 20ko maldak dituen errepide oso estu batetik.
5. Etapa URDUÑA / GERNIKA 172,40 km
Bosgarren etapa Pello Bilbaoren herrira helduko da, Gernika. Bahrain-Victorious taldeko txirrindulariak berak parte hartu du etaparen diseinuan. Irteera eta gero, Amurriorantz zuzenduko dira, ondoren Urduñara itzuli eta Gernikara abiatzeko. Bidetik, 4 mendate gainditu beharko dituzte, eta ibilbidearen azken zatiko zenbait eremutan, ongi kokatzen jakin beharko dute txirrindulariek, etapa lortu nahi badute.
6. Etapa EIBAR / EIBAR 153,40 km
Eibar izango da berriz ere Itzuliaren amaiera. Irteera eta helmuga Unzaga plazan izango dira. 150 km baino gehiagoko ibilbidean zehar, 7 mendate egongo dira, horietako 3 lehenengo kategoriakoak. Aurtengo edizioan, Krabelineko igoera izugarri latza etaparen hasieran egongo da; beraz, urruneko eraso bat gerta liteke, txapela eskuratzeko. 2024ko edizioarekiko aldaketa nabarmenen artean, bi igoera egingo dira Trabakuara, Gorlakoa desagertuko da, baina Karabietakoa gehitu da, Bergarara iristeko. Zalantzarik gabe oso etapa bizia izango da eta hor erabakiko da 2025eko Itzuliaren garailea.