Daniel Felipe Martínezek zentimetro gutxiri esker irabazi du Itzulia 2022ko laugarren etapa

Zamudioko helmuga lerroan zentimetro gutxigatik gailendu zaio Daniel Felipe Martínez Julian Alaphilipperi. Sailkapen orokorreko aldeak mantendu egiten dira.

Iritsi da Itzulia lasterketaren laugarren etapa, eta 185,6 kilometroko ibilbidea egin du Gasteiz eta Zamudio artean. Abiapuntuan txirrindularitzako zenbait izen handi ikusi ahal izan ditugu; besteak beste, Frantziako Tourreko zuzendari nagusi Christian Prudhommeren presentzia nabarmendu behar dugu.

Eguna ihes bizi batekin hasi da, eta abiapuntutik 20 kilometrora finkatu da, 16 txirrindularik osatutako talde handi batekin; tartean ziren, besteak beste, Geraint Thomas (65, IGD), Davide Formolo (24, UAD), Ruben Guerreiro (214, EFE) eta Cristian Rodríguez (106, TEN).

Talde handia izan arren tropelak ez dio utzi tarte handia hartzen eta gehienez 3 minutuko aldea lortu dute. Jatara igo eta gero, ihesean lau lasterkari baino ez dira geratu, baina Urruztimendiko jaitsieran beste hiru txirrindulari ere batu zaizkie. Helmugara iristeko 30 kilometro baino ez zirenean falta ihesaldian joandakoek etapa amaierari ekin diote: etapa haien artean lehiatzeko aukerak izan dituzte, edo El Viveroko aldapa gogorretan.  Bitartean, pelotoia distantzia kontrolatzen aritu da, 2’40” ingurukoa izan dena.

El Viveroko bigarren igoerari iparraldetik ekin diote, eta tarte horretan pelotoia lasterketa burura gerturatu da; tartean zenbait eraso ere ikusi ditugu, esaterako Brambillarena (183, TFS).  Ineos-Grenadiers taldeak lasterketa gogortu du, faboritoen taldea asko luzatuz. Bitartean, lasterketa buruan Victor Lafay (76, COF) txirrindulari frantziarrak atzean utzi ditu iheskideak eta tinko abiatu da helmugarantz.

Faboritoen taldean erasoak hasi dira, eta ihesaldian joandako kideak harrapatu dituzte. Remco Evenpoel arriskatu egin da El Viverotik jaistean, gainerako faboritoak bultzatzeko, baina ez dio jarraipenik eman. Helmugatik 9 kilometrora lasterketa buruaren eta faboritoen taldearen arteko tartea minutu batera murriztu da, hala, atzetik zetorren taldea neutralizatuz. Orduan, UAE Team Emirateseko ia txirrindulari guztiek taldetik tiratzeari ekin diote, distantzia laburtzeko. Azkenik, Evenpoelek azken tartea itxi du eta helmugara iristeko kilometro bat falta zela Victor Lafay harrapatu dute.

Etapa esprintean jokatu da, Ulissi (26, UAD), Alaphilippe (41, QST) eta Daniel Felipe Martinez (63, IGD) artean. Azken horrek irabazi du etapa, zentimetro gutxi batzuengatik.

Sailkapen orokorrean, faboritoen arteko aldea mantentzen da eta Primoz Roglic da lider, 05” ateraz sailkapeneko bigarrenari, Remco Evenepoeli, alegia. Daniel Felipe Martínez hirugarren postura igo da, helmugako denbora sariari esker. Sailkapenetako liderrak honako hauek dira:

  • Banakakoa: Primoz Roglic (1, TJV)
  • Mendia: Cristian Rodríguez (106, TEN)
  • Puntuak: Julian Alaphilippe (41, QST)
  • Gaztea: Remco Evenepoel (44, QST)
  • Taldekakoa: Ineos-Grenadiers
  • Euskaldunik onena: Pello Bilbao (11, TBV)
  • Saiatuenaren saria (laugarren etapa): Victor Lafay (76, COF)
2022ko edizioaren zenbakiak
Daniel Felipe Martínezek eskuratu du Itzulia 2022ko txapela eta Ion Izagirrek irabazi du etapa nagusia   
Carlos Rodríguez nagusitu da Mallabian eta Remco Evenepoel da lasterketako lider berria