2022ko Itzulia eta irabazleen maillot berriak aurkeztu dira modu ofizialean

  • Itzuliaren 61. edizioan, nazioarteko tropeleko txirrindulari onenek parte hartuko dute
  • Primoz Roglic Hondarribiko irteeran egongo da apirilaren 4an, 2021eko garaipena berriro lortzeko asmoz

Gaur, martxoak 24, 2022ko Basque Country Itzuliaren aurkezpen ofiziala egin da Hondarribiko Itsas Etxea Auditorioan. Besteak beste, honako hauexek parte hartu dute ekitaldian: Bingen Zupiria, Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburua eta bozeramailea; Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea; Itziar Mahave, Iparraldeko Lurralde Sare Komertzialeko zuzendaria; Goizane Álvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kiroletako zuzendaria; Iratxe Ganan, TotalEnergieseko Marketina, Marka eta Komunikazioa; eta Mikel Arrillaga, HAZIko Marken eta Merkatuen Saileko arduraduna.

Une horretan, udalak, instituzioak, babesleak eta lasterketako adiskideak bertan zeudenez, Julian Erasok eskerrak eman nahi izan dizkie guzti-guztiei “zuon laguntzagatik, zuok barik lasterketa honek ez lukeelako aurrera egingo. Oso aldaketa-garai aztoratuetan bizi garenez, eskerron hori bikoitza izan behar da, gainera”.

Edizio honetan, Gobikek berriro jantziko ditu mailloten eramaileak. Diseinua berria izango da, iazkoaren aldean, eta, batez ere, lasterketaren izenean egongo da oinarrituta: “Itzulia”.

Garaipenaren koloreak

Gobikek 2022ko Basque Country Itzulirako egin dituen mailloten jokoan, lau diseinu desberdin daude. Haien artean, honako hauexek nabarmentzen dira: Banco Sabadellek irabazlearentzat babestutako horia, mendikoa (Eusko Label), erregulartasunekoa (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta gazteenarentzakoa (Euskadi Basque Country).

Munduko txirrindularitza onenaren sei etapa

2022ko Basque Country Itzulia apirilaren 4tik 9ra egingo da Hondarribia eta Arrate artean, eta sei etapa izango ditu guztira. Lasterketa Hondarribiko udalerri txikitik abiatuko da 7,51 kilometroko kronoarekin, eta honako udalerri hauek bisitatuko ditu: Leitza, Viana, Laudio, Amurrio, Gasteiz, Zamudio, Mallabia eta, azkenik, Eibar, Arrateko santutegirainoko igoera tradizionalarekin.

Izena emateko prozesuko behin-behineko zerrendaren arabera aurreikusten denez, Itzuliko indarreko txapelduna den Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) eta munduko bitxapelduna den Julian Alaphilippek (Quick-Step Alpha Vinyl Team) parte hartuko dute, baita honako hauexek ere, besteak beste: Enric Mas (Movistar Team), Remco Evenepoel (Quick-Step Alpha Vinyl Team), Adam Yates eta Geraint Thomas (Ineos Grenadiers), Ion Izagirre (Cofidis), Michael Woods (Israel-Premier Tech), David Gaudu (Groupama-FDJ), Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates) eta Peio Bilbao (Bahrain-Victorious).

OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Carlos Rodríguezek seigarren etapa irabazi du; eta Juan Ayusok, 2024ko Itzulia
Romain Gregoirek esprintean irabazi du Itzuliko bosgarren etapa Amorebieta-Etxanon