Paul Seixasek 2026ko Itzulia irabazi eta historia egin du 

Paul Seixas Itzulia irabazi duen txirrindularirik gazteena da.  

Azken etapa AJ Augustek irabazi du, txirrindulari askok osatutako ihesaldi baten ostean. 

Podiuma Paul Seixas, Florian Lipowitz eta Tobias Haland Johannessenek osatu dute.  

Eta iritsi gara Itzuliaren azken etapara, Goizper-Antzuolan atera eta Bergaran amaitzen dena. Etapa laburra, zirkuitu itxurakoa. Bi buelta eman behar zituzten txirrindulariek, aurretik 6 mendate puntuagarri zituztela.  

Egunaren hasierako albistea izan da Pello Bilbaok denboraldi honen amaieran txirrindularitza profesionala utziko duela. Txirrindulariak berak iragarri du sinadura kontrolean. Irteeran, txirrindulariak prest agertu dira etapa zirraragarri eta euritsu baterako.  

Lehenengo kilometroetan, kalitate handiko 3 txirrindulariko taldea osatu da: Marc Soler (UAD, 37), Mattias Skjelmose (LTK, 46), Ben Healy (EFE, 171). Tropelarekin 1’20”-ko tartea zeukatenean, 32 txirrindulariko talde jarraitzaile bat osatu da. Horien artean, UNO-X Mobility taldeko 5 txirrindulari, Tobias Halland Johannessen (UXM, 202) podiumera igotzeko lanean ari zirenak. Tropelak ihesaldia onartu du, uneoro maillot horiaren taldea lider zela. Lasterketa buruaren eta talde nagusiaren arteko distantzia 4 minutukoa zen eta talde jarraitzailearekin 1’30”-koa.  

Gorlako bigarren igoeran, Romok eraso egin du tropeletik. Sailkapen nagusian eta taldekako sailkapen nagusian hobetzeko aukerak ikusi ditu. Horren eraginez, gainerako faboritoak mugitu egin dira, besteak beste Lipowitz, oso aktibo, liderra behartuz. Izagirrek Red Bull-Bora-Hansgrohe taldeko txirrindulariaren lehenengo erasoei jarraitu ahal izan die.  

Ihes egindakoen distantzia murriztu egin da tropelaren erritmoak gora egin ondoren. Seixas oso indartsu beti; ez du gurpilik galdu erasoaldietan. Liderra ondo sentitzen zen, eta egin duen eraso gogorrari inork ezin izan dio jarraitu. Seixasek epika bilatzen zuen berriro, eta erasoa jo du amaierarako 57 kilometro falta zirenean.   

Maillot horiak atzera begiratu gabe tiratzen zuen, eta lasterketa buruko hirukotetik 2’40”-ra jarri da. Zaila zen berarentzat etapa irabazteko borrokatzea. Aurretik, UNO-X Mobility taldeak podiumaren alde borrokatzeko lehian jarraitzen zuen. Skjelmose, Soler eta Healyk lasterketa buruan jarraitu dute bigarren taldetik minutu 1era. 40 kilometro baino ez amaierarako.  

Lasterketa guztiz apurtuta zegoen taldeetan. Solerrek talde jarraitzailetik joateko aginduak jaso ditu, Igor Arrietari laguntzeko. Talde horrek ihes egindako biak neutralizatu ditu amaierarako 23 kilometro falta zirenean. Une horretan, liderra lasterketa burutik 2’15”-ra zegoen.  

Eguneko azken igoeran, ihesaldia osatzeko erasoak itzuli dira. AJ Augustek (IGD, 181) eta Raúl García Piernak (MOV, 94) 15”-ko zuloa ireki dute ihes egindako beste txirrindulariekiko. Seixas ez zen lotzeko gai, eta denbora galdu du. Lasterketa buruarekiko 3’20”-ra zegoen, baina gainerako faboritoekiko distantziari eusten zion.  

Etapa Asentziorako igoeran erabaki da. Kilometro 1 falta zenean, García Piernak INEOS Grenadierseko txirrindulariarekin kontaktua galdu du eta britainiarra Bergarako helmugara abiatu da. Besoak bakarka jaso ditu. 

Paul Seixasek World Tour proba bateko sailkapen nagusian lehenengo garaipena lortu du eta Itzulia irabazten duen txirrindularirik gazteena da. Podiuma Florian Lipowitzek eta Tobias Halland Johannessenek osatu dute, hurrenkera horretan.  

Sailkapena seigarren etaparen ostean 

Etapako irabazlea: AJ August (IGD, 181) 

Sailkapen nagusia: Paul Seixas (DCT, 61) 

Bigarren sailkatua: Florian Lipowitz (RBH, 53) 

Hirugarren sailkatua: Tobias Halland Johannessen (UXM, 202) 

Mendiko sailkapena: Paul Seixas (DCT, 61) 

Puntukako sailkapena: Paul Seixas (DCT, 61) 

Gazte onenaren sailkapena: Paul Seixas (DCT, 61) 

Taldekako sailkapena:  Movistar Team

Lehiakorrena: Mattias Skjelmose (LTK, 46) 

Paul Seixasek Itzuliko etapa nagusia irabazi du 
Alex Aranburu nagusi Galdakaon amaierako esprint gogorraren ostean 
Axel Laurancek hirugarren etapa irabazi du Basauriko goialdean