Itzuliak lasterketa honetako seigarren etapa izango dena aurkeztu du

ETAPA NAGUSIKO IBILBIDEAREN AURKEZPENA HARTU DU GAUR GOIZEAN EIBARKO UDALAK

Itzuliak lasterketa honetako seigarren etapa izango dena aurkeztu du; 137,8 kilometroko ibilbidea izango du, 7 mendate puntuagarrirekin, eta 3.600 metro baino gehiagoko desnibela izango du.

Aurkezpenean Itzulia Basque Challenge 2023 ospatuko dela ere iragarri da; lehen lasterketa zikloturista izango da, eta Eibarren ospatuko da.

Itzulia 2023ko seigarren etaparen aurkezpena Eibarko Udaleko Bilkuren Aretoak hartu du gaur goizean, eta bertan izan dira Jon Iraola alkatea, Ander Curiel Kirol zinegotzia, Julián Eraso OCETAko presidentea eta Itzulia lasterketako zuzendari tekniko Roberto Laiseka.

Lasterketako azken etapa apirilaren 8an jokatuko da, eta Eibarren izango ditu bai abiapuntua, bai helmuga; 137,8 kilometroko ibilbidea eta 3.600 metro baino gehiagoko desnibela izango du.  Hala, adierazi behar da amaiera ez dela Arraten izango, aurreko edizio batzuetan bezala; aitzitik, txirrindulariek hirigunean izango dute helmuga.

2023ko edizioko etapa nagusia izango da; orotara 7 mendate puntuagarri izango ditu, horietako hiru lehen kategoriakoak. Hala, lehiakideek berriz ere Azurki, Gorla eta Krabelin mendateak igo beharko dituzte. Azken mendate horretako aldapa nabarmenak kontuan hartuz, gerta daiteke lasterketa bertan erabakitzea, aurreko urteetan gertatu bezala. Eguneko azken-aurreko mendatea Izua izango da; zenbait urtez Itzulia lasterketako ibilbidean agertu gabe egon ondoren, aurten txirrindulariak hartuko ditu berriz ere.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, «txirrindularitzarekin horren lotuta dagoen hiri honetako alkate gisa, eta kirol hau gure ondare historiko zein industrialaren parte denez, ohore handia da Eibar berriz ere Itzulia lasterketako etapa erabakigarrienaren kokaleku izatea. Aurten ez dugu helmugaz Arraten gozatuko, baina hala ere zirraragarria izango da txirrindulariak lasterketa gogorrenetako batean haien burua probatzen ikustea; gainera, txirrindularitza are gehiago gerturatzea lortuko dugu, gure hiriaren bihotzera ekarriko baitugu. Eibarko Udalean jarraitu egingo dugu txirrindularitzaren egutegian horren garrantzitsua den lasterketa hau geure hirira ekartzearen aldeko apustua egiten».

Bestalde, Ander Curiel Kirol zinegotziak gehitu duenez, «Eibar Kirolaren Europar Hiria (2023) aukeratu izana azaltzen duen erakusgaietako bat da lasterketa hau. Gure hiria txirrindularitzaren sorterria da eta, horrenbestez, kirol diziplina horretako kategoria goreneko lehiak ekartzearen aldeko apustua egingo dugu beti».

Azkenik, Julián Eraso OCETAko presidenteak azaldu duenez, «oso pozik gaude Eibarrek lehen mailako txirrindularitzaren aldeko apustua egiten jarraitzen duelako eta Itzulia 2023 probaren amaiera antolatzeko hartu gaituelako. Eibar oso garrantzitsua izan da eta oraindik bada euskal zein nazioarteko txirrindularitzan, eta mailarik oneneko lasterketak antolatzen eta hona etortzen jarraitu ahal izatea izugarri gustatzen zaigu».

Itzulia Basque Challenge egitasmoko ibilbideak

Prentsaurrekoan, halaber, Itzulia Basque Challenge 2023 egitasmoa ere aurkeztu da; Itzuliako lehen proba zikloturista izango da, eta Eibarren antolatuko da apirilaren 9an.

Lasterketa honek bi ibilbide eskainiko ditu; batetik, World Tour delakoa izango da, eta txirrindulari profesionalek egingo duten etapa nagusiko ibilbide berbera izango du; bestetik, beste ibilbide laburrago bat eskainiko da, ez horren gogorra: iraupen erdiko ibilbidea izango da eta 80,6 kilometroko luzera eta 2.100 metro baino gehiagoko desnibela izango du; lau mendate zeharkatuko ditu, bi mendate lehen kategorikoak, mendate bat bigarren kategoriakoa eta azkena hirugarren kategoriakoa.

Eibarko Udalak eta Itzuliak modu bateratuan adostu dute proba hau antolatzea, Eibarrek Kirolaren Europar Hiria (2023) aitorpena jaso duela eta.

Jon Iraola alkateak azaldu duenez, «Itzuliako presidentetzatik proba hau antolatzeko aukera azaldu ziguten unetik bertatik ez genuen inolako zalantzarik izan. Aurten Eibar lehen mailako kirolaren erreferente izatea nahi dugu, orain arte gure hirian gozatu ezin izan ditugun ekimenak ekarriz. Ziur nago txirrindularitza zaleek izugarri gozatuko dutela lasterketa honetan parte hartuz».

Itzulia Basque Challenge 2023 egitasmoan parte hartzeko epea irekita dago dagoeneko.

Maite Mutuberriak diseinatutako kartelak iragarriko du Itzuliaren 62. edizioa
Itzulia Basque Challenge jaio da, World Tour mailako proba zikloturista
Itzuliak 2023ko etapak jakinarazi ditu